1. etapa
Andreas Kronek irabazi du Voltako lehen etapa eta lider jarri da
A. A. | EITB MEDIA
Lotto-Soudal taldeko txirrindulari daniarrak Luis Leon Sanchez (Astana) gainditu du, ihes eginda iritsi diren lau txirrindulariren arteko esprintean.
Andreas Kron (Lotto Soudal) txirrindulari danimarkarrak irabazi du astelehen honetan Kataluniako Itzuliko lehen etapa, Calellan, 178,4 kilometro egin eta gero. Bera izan da azkarrena helmugara ihes eginda heldu diren lau txirrindulariren arteko esprintean.
Horrenbestez, etapakako hirugarren lasterketa zaharrenak badu mendeurreneko ekitaldiko lehen liderra. Izan ere, Kron gazteak Luis Leon Sanchez (Astana) murtziarra menderatu du euren arteko buruz burukoan.
'Luisle'k, Lennard Kämna (BORA-Hansgrohe) alemaniarrarengan zeukan arreta jarrita, Rémy Rochas (Cofidis) ere kontrolatuz, baina, azkenerako, Kronena (Lotto Soudal) izan da jarraitu beharreko gurpila.
Laukote hori tropelarekiko hamasei segundoko aldearekin iritsi da, Collsacreuko igoeran (helmugatik hogei kilometrora) ihes egin ostean, tropelaren pasibotasuna baliatuta.
Astearteari begira, 18,5 kilometroko banakako erlojupekoa jokatuko dute txirrindulariek Banyolesen. Jardunaldi horrek diferentziak eragin ditzake sailkapen nagusiko faboritoen artean, mendiko bi etapak baino lehen, erlojuaren aurkako espezialistentzat oso baita.