Azken etapa
Simon Yatesek irabazi du Alpeetako Tourra; Pello Bilbao, bigarren sailkapen nagusian
A. B. E. | EITB Media
Txirrindulari britainiarrak irabazi du itzulia, podiumean Pello Bilbao bizkaitarra eta Aleksandr Vlasov errusiarra lagun izan dituelarik. Grosschartnerrek lortu du garaipena azken etapan.
Simon Yates (BikeExchange) izan da Alpeetako Tourreko irabazlea. Ostiral honetan amaitu den lasterketan, Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) bigarren izan da. Txirrindulari bizkaitarrak maila ona erakutsi du, ostegunean etapa irabazita eta sailkapen nagusiko bigarren postuan amaituta.
Bosgarren eta azken etapa Idroland eta Riva del Garda (120,9 Kilómetros) artean egin da, irabazlea Felix Grosschartner (Bora-Hansgrohe) izan delarik. Eguneko ihesaldian 16 txirrindulari sartu dira, baina helmugarako 45 kilometro falta zirenean sei geratu dira lasterketaren buruan. Seiko talde horretan egon da Julen Amezketa (Caja Rural-Seguros RGA) nafarra, Pinot, Grosschartner, De Marchi, Gallopin eta Roche txirrindulariekin batera. Ondoren, Steinhauser, Scotson, Van Garderen, Bidard, Storer eta Fabbro sartu dira lasterketaren buruko multzoan.
Hala ere, helmugarako 23 kilometro falta zirenean, berriro multzoa murriztu, eta sei txirrindulari geratu dira buruan: Pinot, Grosschartner, De Marchi, Gallopin, Roche, Julen Amezketa eta Steinhauser. Lau kilometro gehiago gainditu ostean jo du erasoa Grosschartnerrek, inor ez da haren erritmoa jarraitzeko gai izan, eta austriarrak lortu du etapako garaipena. Atzetik sartu dira Roche (bigarren) eta De Marchi (hirugarren), 34 segundora. Tropela irabazlearengandik 40 segundora helmugaratu da.
Sailkapen nagusia horrela geratu da: Simon Yates lehen postuan, Pello Bilbao bigarren 58 segundora, eta, Aleksandr Vlasov hirugarren, 1'06"ra.