Ekainaren 6tik 13ra
Carapaz, Alaphilippe, Van der Poel eta Soler, no baino nor gehiago, Suitzako Itzulian
L. E. A. | EITB MEDIA
Lasterketa 10,9 kilometroko erlokupeko lauarekin hasiko da, Frauenfeld inguruan, eta ondoren ibilbide malkartsua duten hiru etapa jokatuko dituzte.
Igande honetan abiatuko da Suitzako Itzuliko 85. edizioa, Frantziako Tourrari begira daudenentzako atariko aproposa. Tourra hilaren 26an hasiko da, Bresten.
Richard Carapaz da Tourrari begira indarrak probatu nahi dituen horietako bat, eta Julian Alaphilippekin eta Mathieu Van der Poelekin neurtzeko aukera izango du.
Pogacar eta Roglic esloveniarrak ez dira irteeran izango, Egan Bernal iazko irabazlea ere ez, covid-19agatik isolatuta dagoelako. Horrela, Carapazek da garaipena lortzeko faborito nagusia. 2019ko Giroko irabazlea Ineosen burua izango da eta Pavel Sivakov errusiarraren laguntza izango du, bestak beste. Sivakovek amaitu berri den Giroan erorikoa izan eta lasterketa utzi behar izan zuen.
Badira kontuan izateko beste izen batzuk: Jakob Fuglsang (Astana) danimarkarra, Maximilian Schachmann (Bora) alemaniarra, Paris Niza birritan irabazitakoa, eta Esteban Chaves (BikeExchange) eta Rigoberto Uran (EF Education) kolonbiarrak.
2020ko edizioa pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ostean, 2021ko Suitzako Itzuliak 10,9 kilometroko erlojupekoarekin hasiko da. Ibilbide laua izango du, Frauenfeld inguruan, eta ondoren ibilbide malkartsua duten hiru etapa jokatuko dituzte.
Etapa erabakigarriak
Faboritoen arteko lehia argituko duten etapak bigarren asteburuan lehiatuko dira; larunbatean 23,2 kilometroko erlojuaren aurkako lehia izango dute, erdiak aldapan gora, Oberalpassen (9,5 km, % 6,5ean).
Azken egunean etapa nagusia jokatuko dute, berriro igoko dute Oberalpass (lehen mailakoa,10.9 km % 5,5ean), eta ondoren Lukmanierspass (lehen mailakoa, 15,8 km % 5,4ean) eta Gottardo (maila berezikoa, 13,2 km % 6,7an).
Baina asteburuaren aurretik, seigarren etapak ere zeresana emango du. Gottardo igoko dute (lehen mailakoa, 8,3 km % 7,1ean), 2.100eko altueran, eta ondoren, bide luzea egin ostean, Lukmanierpass (lehen mailakoa, 18,2 km % 5,4an), 1.915 metrora. Jardunaldi gogorra Sedrunen amaituko da, 7,1 kilometroko igoerarekin, % 3,5eko aldapan.