Alacanten
Omar Fraile, garaile Espainiako errepideko txapelketan; Alex Aranburu, hirugarren
A. A. | EITB MEDIA
Santurtziko txirrindularia izan da azkarrena taldetxo baten artean erabaki den esprintean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Omar Fraile (Astana) da Espainiako errepideko txapeldun berria, azken metroetan Jesus Herrada (Cofidis) eta Alex Aranburu (Astana) taldekidea gainditu ostean.
La Nucia Kirol Hirian hasi eta amaitu den txapelketa (184 kilometro), azken metroetan erabaki da. Bukaerako 10 kilometroetara 14 txirrindulariz osatutako taldetxo bat iritsi da Astana taldearen kontrolpean.
Fraile Alex Aranbururen alde hasi da lanean helmugarako 500 metroren faltan, gipuzkoarraren esprinta bideratzeko asmoz, baina gurpiletik atera eta garaipena eman dioten metro batzuetako abantaila eskuratzeko gai izan da. Bizkaitarraren ostean Herrada helmugaratu da, eta hirugarren Aranburu.
Lasterketa zirraraz beteta egon da hasierako unetik, eta parte-hartzaileek txirrindularitza jardunaldi eder bat eskaini dute. Hala, 14. kilometroan probak Ibon Ruiz, Xabier Azparren, Angel Fuentes, David Gonzalez eta Martorell txirrindulariek osatutako lehen ihesaldia eratu da. Haatik, azken hori atzean geratu da. Ihesaldi honek hiru minutuko aldea lortu du tropelarekiko.
Gerora, 103. kilometroan, Jon Irisarri eta Oier Lazkano Caja Ruraleko txirrindulariak laukotearekin bat egin dute. Turron mendateko bigarren igoeran, Irisarrik eta Ruizek atzean utzi dituzte gainerako iheslariak. Bitartean, atzetik tropela hautsi egin da eta Pello Bilbao (Bahrain) aurreko bikotearen atzetik abiatu da. Jaitsieran harrapatu ditu, baina tropela 20 segundora baino ez zegoen ordurako.
Tropelean, Ion Izagirrek (Astana) lasterketa tenkatu du. Horren eraginez, batetik, hainbat txirrindulari atzean geratzen hasi dira; bestetik, ihesaldia harrapatu du. Ordutik aurrera lasterketa etengabeko eraso-kontraeraso ahaleginetan bihurtu da
Azkenerako, Astana taldeak, lau txirrindulari buru zituela, helmugatik hamar kilometrora hartu du lasterketaren behin betiko kontrola Aranbururen aukeraren alde egiteko, azken 20 kilometroetako kontrol-eza alde batera utzita.
Favarako igoeran, azken 1.700 metroetan, Luis Leon Sanchezek erritmo bizia ezarri du lasterketa abiarazteko. 500 metro falta zirela bere taldekide Omar Frailek txanda hartu dio. Aranbururi bideratze-lanak egiteko ahaleginetan ibiliko zela bazirudien arren, bizkaitarraren erritmo gogorra ezin izan du inork jarraitu, eta Espainiako txapeldunaren jertsea lehen aldiz lortzea ahalbidetu dioten metro batzuetako abantaila lortu du.
Lasterketako sailkapena:
1 - FRAILE Omar (Astana) 4:48:13
2 - HERRADA Jesús (Cofidis) d.b.
3 - ARANBURU Alex (Astana) d.b.
4 - SERRANO Gonzalo (Movistar) d.b.
5 - ADRIÀ Roger (Kern Pharma) +0:03
6 - BILBAO Pello (Bahrain) d.b.
7 - OKAMIKA Ander (Burgos-BH) +0:11
8 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d.b.
9 - AMEZKETA Julen (Caja Rural) d.b.
10 - GARCÍA Marcos (Kinan Cycling) d.b.
11 - DE LA CRUZ David (UAE) +0:24
12 - SÁNCHEZ Luis León (Astana) +0:28
13 - PEDRERO Antonio (Movistar) +1:28
14 - IZAGIRRE Ion (Astana) +2:09