Itxi

Neilson Powless, garaile euripean jokatu den Donostiako Klasikoan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Education First taldeko txirrindulariak Matej Mohoric (Bahrain) eta Mikkel Honore (Deceuninck) gainditu ditu esprintean.

Neilson Powless nagusi Klasikoa erabaki duen esprintean. Argazkia: EFE

Neilson Powless (Education First) txirrindulari iparramerikarrak etengabeko euripean jokatu den Donostiako Klasikoa bereganatu du, hiru txirrindulariren arteko esprintean erabaki dena.

Euriak ia hasieratik egin du bat probarekin, tarteka aterraldiak egon badira ere, eta horrek zaildu egin du berez oso gogorra den lasterketa, sei mendaterekin. Bora taldeak, besteak beste, izan du euriaren berri, Jaizkibelgo jaitsieran erorikoa izan baitute bere hiru txirrindularik (Kelderman, Fabro eta Aleoti).

Javier Romo Astanako txirrindulariaren ihesaldiak protagonismoa izan du 223 kilometroko lasterketa luzearen azken zatian. Minutu bateko aldearekin iritsi da Erlaitzeko mendatera, lasterketako gogorrena (3,8 kilometro eta % 10eko batez besteko maldak).

Hor jo du erasoa Italiako Giroa eroriko batengatik utzi behar izan zuenetik lehiatu gabe zegoen Mikel Landak. Arabarrak Romo harrapatu badu ere, ezin izan dio Simon Carren kontraerasoari erantzun. Horrela, Education First taldeko txirrindularia 25 segundoko tartearekin igaro da Erlaitz gainetik, lasterketaren une garrantzitsuenean.

Igoeraz eta jaitsieraz jositako Donostiako hiribururako bidean, Carrek eutsi egin dio bere aldeari, faboritoen tropelean ez baitzegoen elkarlanik. Alabaina, bere abentura 20 kilometro falta zirela amaitu da, lau txirrindulariz osatutako taldetxo batek harrapatu egin baitu. Bertan zeuden Lorenzo Rota (Intermarche), Matej Mohoric (Bahrain), Mikkel Honoré eta Education First taldeko Neilson Powlesseko kidea.

Abantailak minutura iritsi dira, eta argi zegoen taldetxo horretatik aterako zela 2021eko Klasikoaren irabazlea. Murgilgo jaitsieran Honorek eta Rotak erorikoa izan dute, baina daniarrak Powless eta Mohoricekin bat egiteko ahalmena izan du azken kilometroetan. Hala, hirurak batera iritsi ziren azken esprinta borrokatzera, eta metro horietan Powless izan da azkarrena, bere lehen garaipen profesionala eskuratuz.

LASTERKETAKO SAILKAPENA:

1- POWLESS Neilson (EF) 5:34:31

2 - MOHORIC Matej (Bahrain) d.b.

3 - HONORÉ Mikkel Frølich (Deceuninck) d.b.

4 - ROTA Lorenzo (Intermarché) +0:30

5 - COVI Alessandro (UAE) +1:04

6 - ALAPHILIPPE Julian (Deceuninck) d.b.

7 - EIKING Odd Christian (Intermarché) d.b.

8 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d.b.

9 - MOSCON Gianni (INEOS) d.b.

10 - MOLLEMA Bauke (Trek) d.b.

20 - IZAGIRRE Gorka (Astana) +1:36

34 - LANDA Mikel (Bahrain) +3:59

Albisteak (3)

Bideoak (4)