76. ekitaldia
Nizzolok bere abiadura baliatu du Getxon irabazteko, hiru txirrindulariren arteko esprintean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Italiarrak erraz gainditu ditu Giovanni Aleotti (Bora) herrikidea eta Santiago Buitrago (Bahrain) kolonbiarra.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Giacomo Nizzolo italiarrak (Team Qhubeka) irabazi du Getxoko 76. Zirkuitua, 193 kilometroko ibilbidea izan duena. Europako 2020ko txapeldunak Giovanni Aleotti (Bora) herrikidea eta Santiago Buitrago (Bahrain) kolonbiarra gainditu ditu helmugan.
Nizzolo izan da lasterketako puntu garrantzitsuenetako bat, Pike bidea (2. mailako gaina), igaro ondoren sortu den zazpi txirrindulariko taldean argiena eta azkarrena.
Hala, Sondika eta Bilbo artean dagoen bi kilometroko pareta (% 9,4ko batez besteko desnibela eta 14rainoko maldak dituena) gaindituta, Ide Schelling, Giovanni Aleotti (Bora), Santiago Buitrago (Bahrain), Giulio Ciccone (Trek), Alessandro Covi (UAE), Abner Gonzalez (Movistar) eta Nizzolo bera geratu dira lasterketaren buruan.
Elkarren arteko ulermena hausten saiatu den lehena Schelling izan da, ihesaldian Borako bi kide zeudela aprobetxatu nahian. Aitzitik, Nizzolok herbeheretarra harrapatu du, eta, gerora, italiarra bera izan da ibilbideko azken 800 metroetan, Txomintxuko aldapan, indartsuena. Zazpikotea laukote bihurtuta zegoen ordurako.
Nizzolok, esprint handietan ere ondo moldatzen den txirrindulariak, helmugatik 200 metrora bizitu du erritmoa, eta ez Aleottik eta ez Buitragok ez dute haren gurpilari jarraitzeko ahalmenik izan.
Helmugan sartu den hurrengoa Abner Gonzalez Puerto Ricoko txapelduna izan da. Bera izan da Pike bidean erasoei ekin diena, eta, azkenean, Schelling gainditu du laugarren izateko, irabazleak baino 12 segundo gehiago baliatuta ibilbidea osatzeko.
Bi horien atzetik, denbora berean, Giulio Ciccone (Trek) italiarra sartu da seigarren. Alessandro Covi (UAE) herrikideak, berriz, denbora gehiago behar izan du zazpigarren tokia lortzeko (54 segundo).
Zazpiko talde horretara Luis Leon Sanchezek (Astana) iritsi nahi izan du, baina lasterketa burutik 20 segundora zegoenean (6,8 kilometroren faltan) Schellingen erasoa gertatu da, eta hortxe bukatu dira murtziarraren aukerak.
Horrenbestez, Luislek, Matteo Trentinek (UAE) eta 13 txirrindulariz eratuta egon den eguneko ihesaldiko parte izan den Antonio Jesus Sotok (Euskaltel Euskadi) osatu dute.
LASTERKETAKO AZKEN SAILKAPENA:
1 - NIZZOLO Giacomo (Qhubeka) 4:12:24
2 - ALEOTTI Giovanni (BORA) d.b.
3 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d.b.
4 - GONZÁLEZ Abner (Movistar) +0:12
5 - SCHELLING Ide (BORA) d.b.
6 - CICCONE Giulio (Trek) d.b.
7 - COVI Alessandro (UAE) +0:54
8 - SÁNCHEZ Luis León (Astana) +1:04
9 - TRENTIN Matteo (UAE) d.b.
10 - SOTO Antonio Jesús (Euskaltel - Euskadi) +1:26