Itxi

8 urteren ostean

Etapa garaipen bat, Euskaltel-Euskadiren ametsa Vueltara itzultzean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Talde laranja zortzi urte geroago itzuliko da lasterketara antolatzaileek emandako hiru gonbidapenetako bati esker.

Mikel Bizkarra durante la Itzulia 2021. Foto: EFE

Euskaltel-Euskadi taldea Espainiako Itzulira bueltatuko da larunbat honetan, eta bere ametsa etapa batean garaipena eskuratzea izango da.

Jorge Azanza talde laranjako kirol zuzendariaren esanetan, larunbatean Burgosen "bloke sendoa" aterako du: Mikel Bizkarra, Joan Bou, Mikel Iturria (2019an Urdazubiko etapa irabazi zuena), Luis Angel Mate, Antonio Soto, Xabier Mikel Azparren eta Juan Jose Lobato izango dira Euskaltelen zortzikoa osatuko duten txirrindulariak.

"Bizkarra eta Iturria bi igotzaile peto dira, eta ihesaldietan egoteko aukera izango dute. Gotzon, Bou eta Soto gazteak dira, aurreneko lasterketa handia dute, eta nabarmenduko dira", azaldu du Azanzak.

Lobato eta Mate, berriz, esperientzia handiko txirrindulariak dira, Euskalteleko zuzendariaren arabera. "Gure errepideko buruak izango dira. Izan ere, Matek hamar Vuelta pilatuko ditu, eta bere eskarmentuaren berri emango du; Lobatok, berriz, tropelaren begirunea du. Biak beste taldekideei lasaitasuna emateko aproposak dira, eta gazteenak zuzenduko dituzte lasterketan", azaldu du Azanzak.

Azkenik, Xabier Mikel Azparren gaztea izan du mintzagai. "Urrats nabarmenak eman ditu aurten; ziur asko, Vueltak asko emango dio eta berak ere bere aletxoa utzi ahalko du", esan du.

Talde laranja Profesional Kontinental kategoriako taldea da, UCIren bigarren mailakoa, eta, Caja Rural eta Burgos BH taldeekin batera, talde gonbidatu gisa arituko da hiru asteko lasterketa honetan.

Albisteak (4)