OTSAILAREN 10ETIK 15ERA
Euskaltel-Euskadik Omango Tourrean parte hartuko du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talde laranjak lehen aldiz egingo dio aurre lasterketa horri, eta bertan izango da otsailak 10 eta 15 artean.
Euskaltel-Euskadi Omango Tourra korrituko du otsailaren 10etik 15era bitartean. Lehendabiziko aldia da talde laranja herrialde horretako lasterketan parte hartuko duena.
Antonio Angulo, Joan Bou, Carlos Canal, Peio Goikoetxea eta Julen Irizar txirrindulariak lehiatuko dira bertan, David Echavarri kirol zuzendariaren agindupean. World Tour mailako zazpi talde, ProTeameko bederatzi (tartean Euskaltel-Euskadi), talde kontinental bat eta tokiko selekzio nazionala izango dira aurrez aurre.
Talde laranjaren arabera, ibilbideak hiru etapa izango ditu gizon azkarrenentzat, baita beste bi etapa gorabeheratsu ere. Bestalde, bosgarren etapa erabakigarria izango dela azaldu dute, Green Mountain deituriko igoeran (5,7 kilometro, % 10,5eko batez besteko aldapekin).
"Angulorengan eta Irizarrengan konfiantza dut etapak borrokatzeko, eta Bou eta Canal sailkapen nagusian aurrean egon daitezkeela uste dut. Azkenik, Peiok aukera ona izango du ihesaldietan sartzeko. Ez da erraza izango, baina Mallorcaren eta Valentziako dinamikari jarraituz gero, gure burua nabarmenduko dugu", nabarmendu du Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariak.