Itxi

PROVENTZAKO TOURRA

Coquard, garaile hirugarren etapako esprintean; Gannak lidergoari eutsi dio

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Esprinter frantziarrak bereganatu du Proventzako Tourreko hirugarren jardunaldia. Bere aldetik, Richard Carapaz ekuadortarrak ezin izan du etapa jokatu koronabirusean positibo emateagatik.

Bryan Coquard. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia

Bryan Coquard (Cofidis) frantziarrak esprintean irabazi du Provenzako Tourreko hirugarren etapa, Arles eta Manosque artekoa (180,6 kilometro). Sailkapen nagusiari dagokionez, Filippo Ganna (Ineos Grenadiers) italiarrak lidergoari eutsi dio.

Coquardek sasoia berreskuratu du. Duela bederatzi egun ia bi urteko garaipen-lehorteari amaiera eman zion, Bessegeseko Izarreko bigarren etapa irabazita, eta, larunbat honetan beste kolpe bat eman du mahai gainean, Julian Alaphilippe (Quick Step-Alpha Vinyl) herrikidea Manosqueko helmugan gainditu ostean.

Hirugarren postuan Ganna sartu da, eta horrek atariko etapatik soinean daraman liderraren elastikoari eusteko balio izan dio italiarrari, Alanphilipperi bi segundoko aldea ateraz.

Eguna albiste txar batekin hasi da: Richard Carapaz ekuadortarrak (Ineos Grenadiers) ezin izan du irteera hartu, koronabirusagatik positibo eman ostean. Horrela, Proventzako Tourra irabazteko faboritoetako bat jokoz kanpo geratu da.

Bost txirrindulari izan dira lasterketa animatu dutenak: Tony Hurel (St Michel-Auber), Alexis Gougeard (B & B Hotels-KTM), Kevin Besson (Nice Métropole), Evaldas Siskevicius (Go Sport-Roubaix) eta Paul Ourselin (Total Energies). Denak izan dira eguneko ihesaldiko protagonistak, eta amaieratik bi kilometro eskasera amaitu da bost kideen saiakera, tropelak harrapatu dituenean.

Azkenerako, boskotea saririk gabe geratu da, eta Coquardentzat izan da eguneko loria.

Igandean, laugarren eta azken etapa jokatuko da, 166,1 kilometrokoa, Manosquen hasi eta Montagne de Luren amaituko dena. Hor aukera gehiago egongo dira Nairo Quintana (Arkea-Samsic) bezalako eskalatzaileentzat. Kolonbiarra hamargarren postuan dago kokatuta, , Gannarengandik 32 segundora; beraz, oraindik garaipena lortzeko aukerekin.

ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - COQUARD Bryan (Cofidis) 4:19:42

2 - ALAPHILIPPE Julian (Quick-Step) d.b.

3 - GANNA Filippo (INEOS) d.b.

4 - LATOUR Pierre (TotalEnergies) d.b.

5 - DÉMARE Arnaud (Groupama) d.b.

6 - QUINTANA Nairo (Team Arkéa) d.b.

7 - WÜRTZ SCHMIDT Mads (Israel) d.b.

8 - JORGENSON Matteo (Movistar) d.b.

9 - PARET-PEINTRE Aurélien (AG2R) d.b.

10 - MANZIN Lorrenzo (TotalEnergies) d.b.

Albisteak (4)

Bideoak (1)