Kataluniako Volta
Colbrelli ospitalera eraman dute bihotzeko arazoengatik
EITB Media
Kataluniako Voltako lehen etapan bigarren izan da Sonny Colbrelli. Italiarra lurrera erori da, konortea galduta, helmuga gurutzatu ostean. Medikuek bihotzeko masajea egin behar izan diote. Ondoren, "egonkor" eraman dute ospitalera.
Sonny Colbrelli (Bahrain Victorious) ospitalera eraman dute astelehen honetan (martxoak 21) Kataluniako Voltako lehen etapa amaitu ostean. Italiarra bigarren izan da Michael Matthewsek irabazi duen etapan, baina helmuga gurutzatu ostean lurrera erori da, konortea galduta.
Medikuek bihotzeko masajea egin diote Colbrelliri. Ondoren, Gironako Josep Trueta ospitalera eraman dute "egoera egonkorrean", Bahrain Victorious taldeak jakinarazi duenez. Ospitalean proba gehiago egingo dizkiote.
"Voltako lehen etapako esprintaren ostean, Sonny Colrelli lurrera erori da, konorte gabe. Medikuen laguntza jaso du, eta egonkor eraman dute ospitalera, anbulantzian. Gironako Unibertsitate Ospitalean azterketa sakonagoa egingo diote", adierazi du Colbrelliren taldeak.
Sonny Colbrelli bronkitisak jota iritsi zen Voltara.