KLASIKOA
Vollering eta Sheffield, garaile Fleche Brabançonne lasterketan
EITB MEDIA
Nederlandarrak bakarka irabazi du eta gazte estatubatuarrak faboritoak harritu ditu.
Demi Vollering (SD Worx) herbeheretarrak bakarkako erakustaldia egin du, Fleche Brabançonne lasterketaren 7. edizioan gailentzeko, Sint-Pieters-Leeuwen hasi eta Overijsen amaitu den 141 kilometroko ibilbidean.
Vollering (Pijnacker, 25 urte) nagusitu da etengabeko lehia izan eta euripean jokatu den proban. Nederlandarra borrokalari agertu da une oro. Lieja-Bastoñako eta Course By Le Tour 21eko garaileak eta duela gutxi Amstelen bigarren izan denak, nahi bezala kontrolatu eta menderatu du lasterketa, garrantzitsuak izan zitezkeen saiakera guztiak moztuz. Hala, bakarka helmugaratu da, beste guztien gainetik zegoela erakutsita.
Ondoren, bigarren izan den Katarzyna Niewiadomak (Canyon) 21 segundo gehiago behar izan ditu helmugaratzeko. Liane Lippert (DSM) Alemaniako txirrindularia izan da hirugarrena.
Horrenbestez, Volleringek Ruth Winder estatubatuarraren lekua hartu du palmaresean.
Sheffield hasiberriaren garaipena
Gizonezkoen lasterketari dagokionez, 19 urteko Magnus Sheffield (Ineos) gailendu da probaren 62. ekitaldian. Lovaina eta Overijse elkartu ditu ibilbidea (205,1 km).
Ineosen garaipenek jarraipena dute. Astebete baino gutxiagoan lorpen ugari izan dituzte: Daniel Felipe Martinez nagusitu zen Itzulian, Amstelen Kwiatkowski eta gaurkoan Sheffieldi egokitu zaio denboraldiko Flandriako azken klasikoa bereganatzea.
Sheffield beste sei txirrindulariz osatutako ihesaldiko parte izan da (Pidcock, Turner, Evenepoel, Wellens, Cosnefroy eta Barguil) eta horietako bi taldekide zituen (Pidcock eta Turner). Helmugatik 4 kilometrora inor ez zen erasotzera animatzen. Gainera, elkarri begiratzen hasiak ziren eta horrek ihesaldia moteldu eta haren etorkizuna arriskuan jartzen zuen. Horren aurrean, hasiberrienak erasoa jo eta bakarrik alde egin du helmugara arte.
Bere atzetik Benoit Cosnefroy eta Warren Barguil sartu ziren 37 segundora.