Flèche Wallonne 2022
Dylan Teuns garaile Flèche Wallonne klasikoan, Valverde azpiratuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bahrain taldeko belgikarra izan da indartsuena Huyko Harresira egindako azken igoeran, eta ezustean harrapatu ditu faborito nagusiak. Valverde bigarren helmugaratu da, bi segundora, eta hirugarren Vlasov.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dylan Teunsek (Bahrain Victorious) irabazi du Fléche Wallonne klasikoa asteazken honetan (apirilak 20), Huyko azken igoeran Alejandro Valverde (Movistar) mendean hartuta. Teunsek Julian Alaphilipperen lekukoa hartu du lasterketako palmaresean.
Txirrindulari belgikarrak 4 ordu, 42 minutu eta 12 segundo behar izan ditu Blegny eta Huy arteko 202,1 kilometroko ibilbidea betetzeko. Alejandro Valverde izan da bigarren bi segundora, eta Aleksandr Vlasovek (BORA-hansgrohe) hirugarren postuan amaitu du.
Hamar gizonek osatutako ihesaldiak animatu du lasterketa helmugarako 10 kilometro falta zirenera arte. Huy bigarrenez igo dutenean, ordea, bost txirrindulari geratu dira lasterketa buruan: Impey (Israel-Premier Tech), Simon Guglielmi (Arkea), Armirail (Groupama-FDJ), Janssens (Alpecin) eta Ferron (TotalEnergies). Boskoteak tropelarekiko 55 segundoko abantailarekin amaitu du Huyko bigarren igoera. Orduan hasi dira faboritoen taldeak lanean, eta ihesaldiko txirrindulariak harrapatu dituzte.
Lasterketa irabazteko faboritoen multzoa bat eginda iritsi da Huyko azken igoerara. Helmugarako 1,3 kilometro falta zirenean hasi dira erasoak. Vansevenant, Rochas eta Kragh Andersen txirrindulariek saiakera egin dute, baina ezin izan dute aurrera egin. Ondoren, Movistarreko txirrindulariek bizitu dute erritmoa; lehenengo Carlos Veronak, eta, geroago, Enric Masek. Atzerago zetozen Julian Alaphilippe eta Tadej Pogacar. Valverdek metro batzuetako abantaila hartu du, bazirudien egoera kontrolpean zuela, baina Teunsek mendean hartu du espainiarra amaieran eta garaipena bereganatu du. Belgikarrak eragotzi egin du Valverdek lasterketa hau seigarrenez irabaztea. Vlasovek osatu du podiuma.
Julian Alaphilippe iazko txapelduna laugarren izan da. Itzulia irabazi zuen Daniel Felipe Martinezek bosgarren amaitu du. Bestalde, Tadej Pogacar 12. izan da, Teunsekiko zazpi segundora.
AZKEN SAILKAPENA:
1 - TEUNS Dylan (Bahrain) 4:42:12
2 - VALVERDE Alejandro (Movistar) +0:02
3 - VLASOV Aleksandr (BORA) d.b.
4 - ALAPHILIPPE Julian (Quick-Step) +0:05
5 - MARTÍNEZ Daniel Felipe (INEOS) +0:07
6 - WOODS Michael (Israel) d.b.
7 - GUERREIRO Ruben (EF Education) d.b.
8 - MOLARD Rudy (Groupama - FDJ) d.b.
9 - BARGUIL Warren (Team Arkéa) d.b.
10 -VUILLERMOZ Alexis (TotalEnergies) d.b.
11 - BENOOT Tiesj (Jumbo-Visma) d.b.
12 - POGACAR Tadej (UAE Team) d.b.