BURGOSKO ITZULIA
Tronchonek palmaresa estreinatu du Burgosko 3. etapan, eta Pavel Sivakov lider jarri da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Biak ihes eginda iritsi dira Villarcayoko helmugara, eta, euren arteko esprintean, AG2R taldeko frantziarra gailendu da.
Bastien Tronchon (AG2R Citroën Team) txirrindulari frantziarrak irabazi du Burgosko Itzuliko hirugarren etapa, Quintana Martin Galindez eta Villarcayo artean lehiatu dena (156 kilometro), Pavel Sivakovi (INEOS Grenadiers) buruz buruko zuzenean irabazita. Ineoseko txirrindularia, ordea, sailkapeneko lider berria da.
Biek izan dute saria Villarcayoko helmugan. Tronchonek etapa irabaztea lortu duen bitartean, Sivakovek liderraren elastiko morea jantzi du maila bereziko Picon Blanco mendatean (maila bereziko) eraso on bat egin ostean. Ineosekoari Miguel Angel Lopez kolonbiarra (Astana) batu zaio, eta ihesaldiko indartsuenekin bat egin dute biek, Tronchon, Vojtech Repa (Equipo Kern Pharma) edo Joel Nicolau katalana (Caja Rural-Seguros RGA) tartean zirela.
Jaitsieran, Sivakovek 'Superman' Lopez atzean utzi du, eta, geroagoko aldapetan, Nicolau ezinean geratu da.
Horrenbestez, Sivakov eta Tronchon bakar-bakarrik geratu dira buruan. Bigarrenak, AG2R Citroën Teameko gazteak —20 urterekin eta profesionaletan egindako lehen urtean—, Sivakovi utzi dio ihesaldiko ardura guztia eramaten. Bazekien bere aukerak indarrak gorde eta helmugan erasotzea zirela, azkenerako gertatu den legez.
Pavel Sivakovek ere irribarre egin du helmugan; izan ere, faboritoen talde txikiari sartu dizkioten 28 segundoek sailkapen nagusiko lider berria izateko balio diote, Santiago Buitrago (Bahrain-Victorious) aurreko liderrarekiko 23 segundoko tartearekin.
Aipatu taldetxoko azkarrena Alejandro Valverde (Movistar Team) izan da, Ruben Guerreirori (EF Education-EasyPost) eta Geoghegan Harti esprinta irabazita.
3. ETAPAKO SAILKAPENA:
1 - TRONCHON Bastien (AG2R) 3:42:17
2 - SIVAKOV Pavel (INEOS) d.b.
3 - VALVERDE Alejandro (Movistar) +0:28
4 - GUERREIRO Ruben (EF Education) d.b.
5 - GEOGHEGAN HART Tao (INEOS) d.b.
6 - VAN WILDER Ilan (Quick-Step) d.b.
7 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d.b.
8 - NIBALI Vincenzo (Astana) d.b.
9 - ELISSONDE Kenny (Trek) d.b.
10 - CHAVES Esteban (EF Education) d.b.
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 - SIVAKOV Pavel (INEOS) 11:14:36
2 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) +0:23
3 - GUERREIRO Ruben (EF Education) +0:26
4 - GEOGHEGAN HART Tao (INEOS) d.b.
5 - HINDLEY Jai (BORA) d.b.
6 - CHAVES Esteban (EF Education) +0:28
7 - NIBALI Vincenzo (Astana) d.b.
8 - KELDERMAN Wilco (BORA) d.b.
9 - DE PLUS Laurens (INEOS) d.b.
10 - VAN WILDER Ilan (Quick-Step) d.b.