EGUTEGIA
Itzuliak, Itzulia Womenek eta Donostiako Klasikoak badituzte 2023rako data ofizialak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Itzulia apirilaren 3tik 8ra izango da; Itzulia Women, aldiz, maiatzaren 12tik 14ra, eta, azkenik, Donostiako Klasikoa uztailaren 29an korrituko da.
UCIk ofizialki jakinarazi du 2023 denboraldiko egutegia, eta proba horien artean izango dira beste behin Itzulia, Itzulia Women eta Donostiako Klasikoa lasterketak.
Horrela, Itzuliak ohikoak dituen datei eutsiko die, eta apirilaren 3tik 8ra korrituko da Aste Santuarekin bat eginez. Ondorioz, lasterketaren antolatzaileek espero dute "zale asko bertaratzea lasterketaz eta txirrindulariez gozatzera eta txirrindularitzaren festa handi bat bizitzea", Daniel Felipe Martinez kolonbiarrari palmaresean txanda hartuko diona nor izango den ezagutzeko.
Itzulia Womeni dagokionez, datorren denboraldian ere emakumezkoen World Tourreko egutegian izango da, aurten estreinatu eta gero. Antolatzaileen esanetan, 2022ko ekitaldia, Demi Volleringek nagusitasun osoz menderatu zuena, "UCIk, taldeek eta epaileek denboraldiko ondoen baloratutako lasterketetako bat" izan zen, eta horrek lasterketa berriro antolatzea eragin du. Hiru etapa izango ditu, maiatzaren 12tik 14ra jokatuko direnak.
Azkenik, Donostia Klasikoa uztailaren 29an izango da martxan, Frantziako Tourra amaitu eta astebetera, ohi bezala. Iazko edizioan, Remco Evenepoel munduko txapeldun berriak bigarren garaipena erdietsi zuen Gipuzkoako hiriburuko kaleetan.