UCI
Nairo Quintanak ez du Arkean jarraituko
I. G. | EITB MEDIA
Oraingoz, Kirol Arbitrajeko Epaitegian (TAS) bere burua defendatzea du helburu, eta bukatutzat eman du bere aurtengo denboraldia.
Nairo Quintana kolonbiarrak ofizial egin du ez duela Arkea Samsic taldean jarraituko, aurtengo Frantziako Tourretik deskalifikatu eta gero tramadol erabiltzeko debekua hausteagatik, eta amaitutzat eman du bere aurtengo denboraldia.
"Jakinarazi nahi dizuet ez dudala Arkea Samsic taldearekin jarraituko hurrengo denboraldietarako, abuztuaren 16an iragarri genuen bezala", esan du 2014ko Italiako Giroko eta 2016ko Espainiako Vueltako irabazleak, eta eskerrak eman dizkio taldeari bertan egin dituen hiru urteengatik, Taldea World Tourrera eramateko puntuak lortzeko aukera izan baitzuen, "kontratatu nindutenean esan bezala".
Bideo batean, txirrindulariak "aurrerantz pedalak ematen" jarraituko duela adierazi du, eta "pixkanaka" bere etorkizunari buruz gehiago hitz egingo duela.
Oraingoz, Kirol Arbitrajeko Epaitegian (TAS) ari da bere defentsa egiten, Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren (UCI) aurkako errekurtsoa aurkeztu baitzuen, Frantziako Tourretik deskalifikatzeagatik, 2019ko martxoaren 1etik lehiaketan debekatutako analgesiko bat atzeman baitzioten, dopatzeko substantziatzat hartzen ez dena.
32 urteko txirrindularia "baikor" dago "zintzoa" delako eta "ezer txarrik, legez kanpoko ezer" egin ez duela ziurtatu du.