Itxi

Talde bila dabil

Nairo Quintanak ez du erretiroa hartzeko asmorik: "Txirrindulari zintzoa naiz, beti izan naiz horrelakoa"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Prentsaurreko batean, txirrindulari kolonbiarrak berretsi du talde bila dabilela, lasterketa nagusietan lehiatzeko, nahiz eta aurrean helburu hori oztopatzen duen "harresia" egon. 2022ko Frantziako Tourrean, tramadolean positibo emanda, kanporatu egin zuten.

Nairo Quintana, asteazkenean, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.

Nairo Quintana txirrindulari kolonbiarrak, asteazkenean, ukatu egin ditu erretiroa hartuko duela dioten "espekulazioak", aurreko Frantziako Tourrean Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak kanporatu ostean, tramadol substantzian positibo emateagatik, eta ziurtatu du txirrindulari "zintzoa" dela, eta "beti" izan dela horrelakoa. Bogotan (Kolonbia) emandako prentsaurreko batean, Quintanak iragarri du munduko lasterketa nagusietan lehiatzen jarraitu ahal izateko moduko talde baten bila dabilela, baina onartu egin du "zapuztutako giroa" antzematen duela, eta helburua gauzatzea oztopatzen dion "harresia" duela aurrean.

"Oso urduri nago. Benetako txirrindulari batek ez du amore ematen, egoera zaildu egiten denean. Txirrindulari baten bizitza, berdin da liderra izatea, laguntzailea izatea edo World Tourreko talderen bateko kidea izatea, borrokaren eredua da. Borrokalariak gara, eta guztiok, zer lortu dugun kontuan izan gabe ere, zoritxarraren aurka borrokatzen eman dugu gure bizitzako zati handia. Ni ez naiz salbuespena; borrokalaritzat jotzen dut neure burua", esan du Quintanak.

Txirrindulariak, 32 urtekoa eta 2016ko Espainiako Vueltako eta 2014ko Italiako Giroko irabazlea bera, senideen, taldekideen eta entrenatzaileen babesa eskertu du: "Sasoi oso onean nago jarraitzeko, ez dut amore emango eta aurrera jarraitzen dut. Lehiatzen eta nire gorputzak eta buruak prest dauden bitartean bizikletaren gainean jarraitzeko lehian izango naiz. Azken hamar urteetan, 260 antidopin control baino gehiago izan ditut, eta arazorik ez dut izan. Profesionala naizenetik, arauak errespetatu ditut, eta osotasunez lehiatu naiz, joko garbia ohoratuz", nabarmendu du, irmoki, Quintanak: "Egun, ziurgabetasuneko unean nago".

Kolonbiarrak ez du, oraingoz, talderik, lehiatzen jarraitzeko, baina azpimarratu du bere burua prestatzen ari dela, "errepidean nire onena emateko". Nazioarteko Txirrindularitza Federazioaren mediku araua urratzea egotzi zioten, Frantziako Tourrean tramadolarekin positibo eman eta gero, Arkea Samsic taldean zebilela; ondorioz, 2022ko Frantziako Tourretik kanporatu zuten. Sailkapen nagusian, seigarren postuan amaitu zuen lasterketa hura, eta Granonen amaitu zen etapan bigarren egin zuen.

Albisteak (3)