VOLTA
Mackaijek irabazi du Valentziako Erkidegoko Itzulia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Herbeheretarrak lasterketaren bosgarren edizioa irabazi du 2:27:58ko denborarekin. Lehen aldiz igo dira Oronet eta Frontera mendateak.
Floortje Mackaij txirrindulari herbeheretarrak irabazi du Valentziako Voltako bosgarren edizioa, Paterna eta Valentzia herrien artean egin dena (93,2 km), 2:27:58ko denborarekin. Movistarrek erakustaldia eman du, izan ere, Liane Lippert taldekideak bigarren postua lortu baitu.
Valentziako Erkidegoko Voltako bosgarren edizioak Oronete (2. mailakoa) eta Frontera (1. mailakoa) mendateak izan ditu ibilbidean, aurreko urteetan gertatu ez bezala esprinta saihesteko asmoz. Eta, hala izan da, lasterketaren historiako ediziorik onena ikusi baita.
Eraso batzuk medio, tropelak bat eginda egin du gora Oronatera bidean, baina jaitsieran Femke de Vries (Pro Cycling), Anouska Koster (Bat X), Lourdes Oyarbide (Movistar) eta Josie Talbotek (Cofidis) osatutako laukoteak 20 segundoko errenta lortu du. Hala ere, tropela helmugatik 50 kilometrora harrapatu ditu.
Fronterako igoeraren eta jaitsieraren gogortasunak laura mugatu du lasterketaren buruko taldea, Movistarreko bi korrikalariekin, Noskova eta Magnaldirekin. Movistarreko Lippert alemaniarrak jo du erasoa lehenengo; Noskovarekin batera egin du aurrera, baina iheskideek harrapatu egin dituzte, eta, ondoren, Mackaijk jo du erasoa. Azken honek atzean utzi ditu Lippert eta Noskova.
Herbeheretarrak, denboraldiko bere lehen lasterketan, guztia eman du lasterketako azken zortzi kilometroetan, eta helmugatik hiru kilometrora ia minutu erdiko abantaila hartu du, eta hura erabakigarria izan da garaipena lortzeko. Lippert izan da bigarren helmugan 32 segundora eta Noskova hirugarren 34ra.