Itxi

HERRIALDEKO TXAPELKETA

Esteban Chaves, Kolonbiako errepideko txapeldun Martinezen eta Quintanaren aurretik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Irabazlearen atzetik Daniel Martinez (Ineos) eta Nairo Quintana helmugaratu dira, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko, hurrenez hurren.

Esteban Chaves bere garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Esteban Chaves (EF Education-Easypost) kolonbiarrak bereganatu du Kolonbiako errepideko txapelketa igande honetan, 237 kilometroko ibilbidean nagusituta. Education Firsteko txirrindulariak etekina atera dio lasterketa amaitzeko 8 kilometro falta zirela jotako eraso bortitz bati.

Daniel Martinezek (Ineos) (zilarrezko domina) eta Nairo Quintanak (brontzezko domina) bete dituzte podiumeko gainerako bi tokiak.

"Egia bihurtu den ametsa da", esan du Chavesek, eta bere ibilbide profesionalak une zailak izan dituela gogorarazi du; izan ere, goi-mailako txirrindularitza uztetik gertu egon zen, istripu larri baten ondorioz. Hala, 2013ko otsailaren 16an, Italiako Laigueglia Trofeoko etapa batean, Colombia es Pasión taldean korritzen ari zela, Chavesek bere bizikletaren kontrola galdu zuen jaitsiera batean, eta zirkulazio-seinale bat jo zuen.

Sergio Higuita (Bora) handiaren lekukoa hartu du aurten Chavesek proba horren palmaresean.

LASTERKETA

Lehen kilometroetan, Fabio Duarte (Team Medellín-EPM), Brayan Hernandez (Colombia Pacto por el Deporte), German Chaves (Sistecrédito), Nestor Rueda (Liga de Cundinamarca) eta Diego Ochoa (EPM) ahalegindu ziren tropelaren kontrol zorrotza gainditzen, baina harrapatu egin zituzten.

Geroago, Einer Rubio (Movistar), Sebastian Castaño (Orgullo Paisa) eta Esneider Baez ere saiatu ziren, baina tropelak horiei ere ez zien ihes egiteko baimenik eman.

Lasterketa bukatzeko 20 kilometroren faltan, Brandon Rivera eta Daniel Martinez (Ineos), Chaves (EF Educación- EasyPost), Miguel Angel "Superman" Lopez (Team Medellin), Quintana, Higuita eta Didier Merchán (Shimano-Sidermec) geratu ziren lasterketaren buruan.

Chavesek tartea ireki zuen azken 8 kilometroetan, eta lehen postuan helmugaratu zen. Irabazlearen atzetik, bigarren postuaren lehian, Martinezek Quintana menderatu zuen bien arteko buruz burukoan, eta horiek osatu zuten podiuma.

Martinez (ezkerrean), Chaves (erdian) eta Quintana (eskuinean). Argazkia: EFE

Atzokoa Quintanak aurten jokatutako lehen lasterketa izan zen. 2022an, Frantziako Tourretik deskalifikatu zuten (seigarren postuan amaitu zuen), tramadola erabiltzeagatik.

Eskalatzaile kolonbiarrak helegitea jarri zuen Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) ezarritako erabakiaren aurka, baina Kirol Arbitrajeko Auzitegiak (TAS) atzera bota zuen errekurtsoa, eta ezin izan du talderik aurkitu, baina kirolariak esan du ez duela txirrindularitza uzteko asmorik.

Albisteak (5)