Itxi

UAE Tourra

Molanok UAE Tourreko laugarren etapa irabazi du, esprintean, eta Evenepoelek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jon Aberasturi hamargarren sartu da etapan, eta Pello Bilbaok sailkapen nagusiko hirugarren postuari ekin dio.

Juan Sebastian Molano, artxiboko irudian, beste garaipen bat lortuta. Argazkia: EFE.

Juan Sebastian Molano UAE Emirates taldeko txirrindulari kolonbiarrak UAE Tourreko laugarren etapa irabazi du ostegunean. Al Shindaghan hasi eta Dubai Harbourren amaitu den etapa 174 kilometrokoa izan da, eta esprintean erabaki da. Remco Evenepoel Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgiarrak maillot gorriari eutsi dio, eta probako lider jarraitzen du; sailkapen nagusian, Pello Bilbao hirugarren postuan dago, aurreko egunean bezala, eta 11 segundora du Evenepoel. Trek-Segafredo taldeko esprinter Jon Aberasturi hamargarren tokian sartu da laugarren etapan.

Molanok, 28 urtekoa eta 2022ko Espainiako Vueltan Madrilgo etaparen irabazlea bera, UAE Emirates taldeak etxeko lasterketan orain arte izan duen bolada txarrari amaiera eman dio; izan ere, lehen hiru etapetan ez du garaipenik lortu, eta sailkapen nagusian ez du lehen posturako lehian sartzeko moduko txirrindularirik, kontuan izanik Tadej Pogacar ez dagoela lasterketan.

Kolonbiarrak bere ibilbideko 20. garaipena lortu du, eta bigarrena jarraian Kolonbiako txirrindularitzarako UAE Tourrean; izan ere, asteazkenean Movistar taldeko Einer Rubio kolonbiarrak irabazi zuen, Jebel Jais mendatean.

Esprint estua izan da helmugan. Jumbo-Visma taldeko Olav Kooij 21 urteko herbeheretar gaztea iritsi da bigarren tokian, eta DSMko Sam Welsford australiarrak, aldiz, hirugarren egin du.

Evenepoelek ez du oztopo handirik izan maillot gorriarekin jarraitzeko. Sailkapen nagusian, belgiarrak zazpi segundoko aldea du INEOSeko Luke Plapp australiarrarekiko, eta 11 Pello Bilbaorekiko. Hiru faborito nagusiek igandean zehaztuko dute azken garaipena nork eskuratuko duen, Jebel Hafeet mendatean.

Bosgarren etapa ostiralean jokatuko dute. Al Marjan Islanden hasi eta Umm al Quwainen amaituko da, eta 170 kilometrokoa izango da. Baliteke berriro ere esprinta izatea, profila aztertuta.

4. ETAPAREN SAILKAPENA

1. Juan Sebastián MOLANO 3:50:01

2. Olav KOOIJ d. b.

3.Sam WELSFORD d.b.

4. Arvid DE KLEIJN d.b.

5. Dylan GROENEWEGEN d.b.

6. Danny VAN POPPEL d.b.

7. Marjin VAN DEN BERG d.b.

8. Sam BENNETT d.b.

9. Tim MERLIER d.b.

10.Jon ABERASTURI d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1. Remco EVENEPOEL 12:17:23

2. Luke PLAPP +0:07

3. Pello BILBAO +0:11

4. Stefan DE BOD +1:01

5. Wout POELS +1:04

6. Harm VANHOUCKE +1:10

7. Andreas LEKNESSUND d.b.

8. Einer Augusto RUBIO +1:11

9. Georg STEINHAUSER d.b.

10.Adam YATES +1:12

Albisteak (3)