Itxi

Kataluniako Volta

Cicconek Vallterren irabazi du, eta Roglicek Voltako lehen postuan jarraitzen du; Landa laugarren sartu da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Trek-Segafredo taldeko txirrindulari italiarra Primoz Roglicekin eta Remco Evenepoelekin batera iritsi da helmugara, eta esprintean menderatu ditu. Landa ondo ibili da azken igoeran, eta sailkapen nagusian ere laugarren postuan jarri da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Giulio Ciccone Trek-Segafredo taldeko txirrindulari italiarrak 2023ko Kataluniako Voltako bigarren etapa irabazi du asteartean, Vallter mendatean, Primoz Roglicen (Jumbo -Visma) eta Remco Evenepoelen (Soudal Quick-Step) aurretik. Bahrain - Victorious taldeko Mikel Landa laugarren postuan sartu da, lehen hirurak baino 11 segundo beranduago. Horrenbestez, Roglicek sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du, Evenepoel eta Ciccone bigarren eta hirugarren tokietan daudela, eta Landa, bigarren etapan egindako lan onaren ostean, laugarren dago sailkapen nagusian ere.

Etapa Vallter estazioan amaitu da, eta azken igoera hori ikusgarria izan da. Faboritoen artean, EF Education – EasyPost taldeko Esteban Chaves kolonbiarrak jo du lehen erasoa, oraindik sei kilometro eta erdi geratzen zirela; Chavesek indar handia zuela erakutsi du, eta helmugatik 500 metrora harrapatu ahal izan dute soilik. Taldean, Mikel Landaren Bahrain – Victorious taldea zebilen buruan; murgiarra, hiru kilometro falta zirela, saiatu da arerioak atzean uzten, baina Roglic, Evenepoel eta Cicconeparean jarri zaizkio, eta jarraian apur bat atzerago ere. Landak, baina, haiekin bat egin du azken kilometroan, Chaves harrapatu dutenean.

Cicconek, Roglicek eta Evenepoelek, azkenean, aurrera jo dute, eta esprintean jokatu dute garaipena; italiarra azkarrena izan da, helmugako pankartapean.

2. ETAPAKO SAILKAPENA

1 - CICCONE Giulio (Trek - Segafredo) 4:13:37

2 - ROGLIC Primoz (Jumbo - Visma) d. b.

3 - EVENEPOEL Remco (Soudal Quick-Step) d. b.

4 - LANDA Mikel (Bahrain - Victorious) +0:11

5 - YATES Adams (UAE Team Emirates) d. b.

6 - ALMEIDA Joao (UAE Team Emirates) d. b.

7 - CHAVES Esteban (EF Education - EasyPost) +0:15

8 - WOODS Michael (Israel - Premier Tech) d. b.

9 - HINDLEY Jai (BORA - hansgrohe) d. b.

10 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA - hansgrohe) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - ROGLIC Primoz (Jumbo - Visma) 8:01:38

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal Quick-Step) +0:06

3 - CICCONE Giulio (Trek - Segafredo) d. b.

4 - LANDA Mikel (Bahrain - Victorious) +0:27

5 - ALMEIDA Joao (UAE Team Emirates) d. b.

6 - WOODS Michael (Israel - Premier Tech) +0:31

7 - HINDLEY Jai (BORA - hansgrohe) d. b.

8 - CHAVES Esteban (EF Education - EasyPost) d. b.

9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA - hansgrohe) +0:41

10 - SOLER Marc (UAE Team Emirates) +0:46

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)