Itxi

Apirilaren 16an, 13:00etan

2023ko Amstel Gold Race klasikoa: profila, ibilbidea eta parte-hartzaileak

A. A. | EITB Media

Leer en Castellano

Lasterketa ETBn eta eitb.eus-en izango da ikusgai, igandean, 14:45etik aurrera.

2023ko gizonezkoen Amstel Gold Race lasterketako ibilbidearen profila. Argazkia: Amstel Gold Race

Amstel Gold Race klasikoa jokatuko da igande honetan, apirilaren 16an, Ardenetako Hirukoa (Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja) osatzen duten lasterketako lehena. Gizonezkoen kasuan 57.ekitaldia izango da; emakumezkoek, aldiz, 9. edizioa korrituko dute.

Gizonezkoen lasterketa Maastricht hasi eta Berg en Terblijten bukatuko da 253,6 kilometro bete eta gero. Probak ia ez die atsedenik eskaintzen txirrindulariei ibilbidean zehar gainditu behar diren 33 igoerekin.

Tadej Pogacar (UAE Emirates) da garaipena bereganatzeko faborito nagusia, Wout van Aertek (jumbo Visma) eta Mathieu van der Poelek (Alpecin-Fenix) ez baitute parte hartuko. Hala, irabazteko faboritoen artean daude baita ere honako txirrindulari hauexek: Tiesj Benoot (Jumbo Visma), Cosnefroy (Ag2r Citroên), Richard Carapaz (EF Education), Sergio Higuita (Bora), Romain Bardet (DSM), Dadiv Gaudu (Groupama) eta Mohoric (Bahrain Victorious).

Pello Bilbao Bahrain Victoriouseko txirrindularia ere egongo da Amstel Gold Racean, baita Movistar taldeko Alex Aranburu eta Gorka Izagirre euskal ziklistak ere.

Hala, emakumezkoen proban ez bezala, Cauberg ez da azken igoera. Hori bai, bi aldiz pasa behar dira bertatik: lehenengo bider amaieratik 80 kilometrora, eta bigarrenez, helmugatik 19ra. Horren ostean, beste bi zailtasun izango dituzte oraindik zain parte-hartzaileek -Geulhemmerberg eta Bemelerberg-, Berg en Terblijteko ailegaera lauaren aurretik.

Caubergetik egin beharreko bi pasaera horien tartean, beste sei igoera giltzarri kateatuko dituzte txirrindulariek, bahe lana egingo duenak indartsuenak ager daitezen: Loorberg, Gulperberg, Kruisberg, Eyserbosweg, Fromberg eta, batez ere, Keutenberg, helmugatik 28 kilometrora, % 20rainoko aldapekin.

Amstel Gold Raceko gizonezkoen ibilbidearen profila. Argazkia: Amstel Gold Race

Emakumezkoen lasterketari dagokionez, ibilbideak 155,8 kilometro ditu, eta aurten beste itzuli bat gehitu zaio azken txanpako barrutiari. Hartara, 4 aldiz igaro beharko dira Valkenburg herria gako izango duen zirkuitutik, bertan izango baitira Geulhemmerberg, Bemelerberg eta, batez ere, Caubergeko igoerak, Berg en Terblijteko helmugatik 2 kilometrora.

Aurreko denboraldian, Michal Kwiatkowski poloniarrak bereganatu zuen garaipena gizonezkoetan, Benoit Cosnefroy frantziarrarekin izandako esprint ezin estuago bat eta gero. Emakumezkoetan, berriz, Marta Cavalli gailendu zen.

Amstel Gold Raceko emakumezkoen ibilbidearen profila. Argazkia: Amstel Gold Race

Lasterketa ETBn eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 14:45etik aurrera. Hala, ETB4k 14:45ean egingo du bat lasterketarekin 15:00ak arte. Orduan, emanaldia ETB1era aldatuko da amaierara arte. eitb.eus-en, berriz, emanaldi osoa ikusi ahalko da.

Albisteak (3)