60. EKITALDIA
Kragh Andersen danimarkarrak nagusitasunez irabazi du Eschborn-Frankfurt lasterketa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
10 iheslariz osatutako taldetxo baten esprintean gailendu da, tropel nagusiari 18 segundo aterata.
Soren Kragh Andersen (Alpecin-Deceuninck) danimarkarrak irabazi du astelehen honetan Eschborn-Frankfurt lasterketaren 60. edizioa, 203,8 kilometroko ibilbidea bete eta ihesaldiko esprintean nagusituta.
Kragh Andersenek (2020ko Frantziako Tourreko bi etapa irabazi zituen) Alpecin-Deceunincken koloreekin lortu duen lehen garaipena izan da, eta maisutasunez eta indar erakustaldia emanez egin du; izan ere, urrunetik jo du esprinteko erasoa, gainerako iheskideak erantzunik gabe utzita.
28 urteko danimarkarra 10 txirrindulariz osatutako taldearen buruan sartu da azken bihurgune erabakigarrian, eta ez dio inori bera gainditzeko aukerarik eman, ez bigarren egin duen Patrick Konrad austriarrari (BORA-hansgrohe), ezta hirugarren izan den Alessandro Fedeli italiarrari (Q36.5 Pro) ere.
Izen handiko Marc Hirschi suitzarra (UAE Team Emirates) eta Lorenzo Rota italiarra (Intermarché-Circus-Wanty) ere eguneko ihesaldi onean sartu dira, eta laugarren eta bosgarren amaitu dute, hurrenez hurren.
Re-Live vom letzten Kilometer: So entschied @kraghsoren den #Radklassiker #EschbornFrankfurt 2023 für sich!
— Eschborn-Frankfurt (@DerRadklassiker) May 1, 2023
Relive the last km - this is how @kraghsoren
won the #GermanClassic 2023!@AlpecinDCK @BORAhansgrohe @Q36_5ProCycling pic.twitter.com/nQReid5Ruf
Hala ere, Kragh Andersen izan da indartsuena, nahiz eta esprinta luzeegia izan zitekeela zirudien, oso urrunetik jo baitu, eta aurretik ere lan eskerga eginda baitzegoen bere iheskideekin batera, 18 segundora iritsi den tropelarekiko aldeari eusteko. Tropelaren buru Arnaud De Lie (Lotto Dstny) eta Alexander Kristoff (Uno-X) sartu dira.
LASTERKETAKO SAILKAPENA
1 - KRAGH ANDERSEN, Søren Alpecin-Deceuninck 4:51:27
2 - KONRAD, Patrick (BORA) d.b.
3 - FEDELI, Alessandro (Q36.5 Pro Cycling Team) d.b.
4 - HIRSCHI, Marc (UAE) d.b.
5 - ROTA, Lorenzo (Intermarché) d.b.
6 - STEINHAUSER, Georg (EF Education) d.b.
7 - ZIMMERMANN, Georg (Intermarché) d.b.
8 - WILLIAMS, Stephen (Israel) d.b.
9 - HERMANS, Ben (Israel) d.b.
10 - MARCELLUSI, Martin (Green Project) +0:03