Ekainaren 4tik 11ra
Vingegaard faborito nagusi eta Landa Bahraineko taldeburu, Dauphine Kriteriumean
Agentziak | EITB Media
Lasterketa zuzenean emango dute eitb.eus-ek eta ETBk, eta zortzi etapa izango ditu; lau aldapan gora amaituko dira eta beste batean erlojuaren kontrako saioa egingo dute.
Dauphine Kriteriumaren 75. edizioa igandean abiatuko da. Ibilbidea zortzi etapatan banatuta dago, eta, besteak beste, Frantziako Tourra helburu duten zenbait txirrindulariren sasoi puntua zein den ikusteko balioko du. Aurreikuspenen arabera, Jumbo taldeko Jonas Vingegaard da faborito nagusi, Roglic taldekidea eta azken Giroko irabazlea ez baita irteeran izango. Tadej Pogacar ere bajan dago, eskumuturreko haustura sendatzeko prozesuan dagoelako.
Hala ere, parte-hartzea goi mailakoa izango da, Bilbon uztailaren 1ean abiatuko den Frantziako Tourreko hainbat faborito bertan lehiatuko direlako.
Mikel Landa Baharain Vitorious taldeko lider bezala arituko da. Daniel Felipe Martinez eta Enric Mas ere izango dira tropelean. Ineos taldeak Egan Bernal sartu du, baina 2019ko Tourreko eta 2021eko Giroko irabazlea ez dago sasoi betean.
Kontuan izan beharreko beste izen batzuk ere badira: Richard Carapaz txapeldun olinpikoa EF Education taldeko liderra izango da; David Gaudu frantziarra (Groupama) eta Adam Yates britainiarra (UAE Emirates) ere faboritoen zerrendan daude; eta Julian Alaphilippe frantziarra Soudal taldeko lider bezala arituko da, Remco Evenepoel taldekidearen faltan.
Ibilbidea
Dauphineren ibilbideak 1.207,2 kilometro izango ditu, zortzi etapatan banatuta, horietariko lau aldapan gora amaituko dira eta beste bat erlojuaren kontrako saioa izango da.
Lasterketa ekainaren 4tik 11ra lehiatuko da, eta ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute.