2023ko Suitzako Itzulia
2023ko Suitzako Itzulia: etapetako profilak, ibilbidea eta parte-hartzaileak
Suitzako Itzulia ekainaren 11n hasiko da, eta 18an amaitu. Remco Evenepoel da faborito nagusia garaipena lortzeko; Jon eta Gorka Izagirre, Pello Bilbao, Alex Aranburu, Oier Lazkano, Jonathan Lastra eta Victor de la Parte ere izango dira lasterketan. EITBk zuzenean emango du.
2023ko Suitzako Itzulia igandean hasiko da, ekainaren 11n, eta, zortzi etapa jokatuta, hilaren 18an amaitu. Nazioarteko egutegian, astebeteko probei erreparatuta, garrantzitsuenekoa da; gainera, Frantziako Tourraren hasieratik oso gertu dago, eta horrek interes handiagoa ere ematen dio, txirrindularientzat zein zaleentzat. Maila handiko hainbat ziklistak parte hartuko dute; besteak beste, Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoel belgikarrak. Zenbait euskal txirrindulari ere izango dira lehian, eta eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean ikusteko aukera emango dute.
Lehen postuan zebilela, eta covid-19agatik, 2023ko Italiako Giroa utzita, Remco Evenepoel lehiara bueltatuko da. Suitzako Itzulia irabazteko hautagai nagusia da, baina ez bakarra; Wout van Aert Jumbo-Vismako belgikarra, INEOSeko Tom Pidcock britainiarra eta DSM taldeko Romain Bardet frantziarra ere badaud zerrenda horretan.
Arestian esan bezala, euskal txirrindularitzak ordezkaritza handia izango du lasterketan; izan ere, hauek irtengo dira proban: Pello Bilbao (Bahrain-Victorious), Jon Izagirre eta Jonathan Lastra (Cofidis), Alex Aranburu, Oier Lazkano eta Gorka Izagirre (Movistar) eta Victor de la Parte (TotalEnergies).
2023KO SUITZAKO ITZULIAREN ETAPAK
1. etapa: Einsiedeln-Einsiedeln (12,7 kilometro), ekainak 11, igandea
2. etapa: Beromunster-Nottwil (173,7 kilometro), ekainak 12, astelehena
3. etapa: Tafers-Villars-sur-Ollon (143,8 kilometro), ekainak 13, asteartea
4. etapa: Monthey-Leukerbad (152,5 kilometro), ekainak 14, asteazkena
5. etapa: Fiesch-La Punt (211 kilometro), ekainak 15, osteguna
6. etapa: La Punt-Oberwil-Lieli (215,3 kilometro), ekainak 16, ostirala
7. etapa: Tubach-Weinfelden (183,5 kilometro), ekainak 17, larunbata
8. etapa: St. Gallen-Abtwil (25,7 kilometro), ekainak 18, igandea