Itxi

Suitzako Itzulia

Biniam Girmayk Nottwileko esprinta irabazi du, Demare eta Van Aert menderatuta, eta Kungek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Intermarche taldeko txirrindulari eritrearra izan da azkarrena lasterketako bigarren etapan. Aritz Aranburuk erasoa jo du azken kilometroetan, eta, azkenean, zortzigarren postuan helmugaratu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Intermarche-Circus taldeko Biniam Girmay txirrindulari eritrearrak irabazi du, astelehenean, 2023ko Suitzako Itzuliaren bigarren etapa, Nottwilen, esprintean, Groupama-FDJ taldeko Arnaud Demare frantziarra eta Jumbo-Vismako Wout Van Aert belgikarra menderatuta; izan ere, Demare eta Van Aert bigarren eta hirugarren sartu dira, helmugan. Sailkapen nagusian, Stefan Kung Groupama-FDJko suitzarrak lehen postuan jarraitzen du; Soudal-Quick Step taldeko Remco Evenepoel belgikarra bost segundora dago, bigarren tokian, eta Van Aert, ordea, hirugarren postuan dabil, sei segundora. Movistarreko Alex Aranburuk zortzigarren egin du bigarren etapan, eta, gainera, erasoa jo du eta lasterketa buruan izan da azken kilometroetan.

Girmayk denboraldi bikaina darama. Hasieran, etapa garaipena eskuratu zuen Valentziako Itzulian, eta hainbat postu on lortu ditu. 23 urte bete berri ditu, eta ematen du etorkizunean ziklista handia izango dela. Suitzako Itzuliaren bigarren etapan, nagusitasun handiz hartu ditu mendean Demare eta Van Aert, eta hori ez da nolanahiko gauza, kontuan izanik bi gizon horiek duten esperientzia eta indarra. Garaipen eztabaidaezina erdietsi du; Girmay pozik azaldu da, baina, bereziki, pozarren ospatu dute, harekin batera, helmugan zeuden hainbat eritrearrek.

Etapa, berez, nahiko lasaia izan da. Tropelak kontrolpean izan ditu ihesean izandako ziklistak; aurreikuspena zen esprinta izan zitekeela, eta hala gertatu da. Alex Aranburu, lasterketa kilometro erabakigarrietan zegoela, saiatu da, eta lasterketa buruan izan da minutu batzuetan, baina laster harrapatu dute; hori bai, Ezkio-Itsasokoa sasoi puntu onean dabil, eta ondo aritu da esprintean. Sailkapen nagusian, Jon Izagirre (Cofidis) hamaikagarren dabil, eta, Euskal Herriko txirrindulariei erreparatuta, ondoen dabil; gipuzkoarrak 27 segundora du Kung liderra.

Asteartean, Suitzako Itzuliaren hirugarren etapa izango da jokoan. 143,8 kilometroko ibilbidea du, Tafersen hasiko da, eta Villars-sur-Ollonen amaitu. Helmuga 1. mailako mendate batean izango da, eta pentsatzeko modukoa da sailkapen nagusiko gizonek ahalegina egingo dutela gogortasun hori baliatzeko.

2. ETAPAKO SAILKAPENA

1 - GIRMAY Biniam (Intermarche) 03:53:37

2 - DEMARE Arnaud (Groupama) d. b.

3 - VAN AERT Wout (Jumbo) d. b.

4 - BITTNER Pavel (DSM) d. b.

5 - SAGAN Peter (TotalEnergies) d. b.

6 - MEEUS Jordi (BORA) d. b.

7 - GARCIA CORTINA Ivan (Movistar) d. b.

8 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.

9 - TEUNISSEN Mike (Intermarché) d. b.

10 - BEULLENS Cedric (Lotto) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - KUNG Stefan (Groupama) 04:07:08

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +00:05

3 - VAN AERT Wout (Jumbo) +00:06

4 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) +00:11

5 - PRICE-PEJTERSEN Johan (Bahrain) +00:17

6 - SKJELMOSE Mattias (Trek) +00:19

7 - BISSEGGER Stefan (EF Education) +00:20

8 - SOBRERO Matteo (Jayco) d. b.

9 - ASGREEN Kasper (Soudal) +00:23

10 - AYUSO Juan (UAE) +00:25

11 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) +00:27

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)