Suitzako Itzulia
Skjelmose izan da indartsuena Villars-sur-Ollongo lehian, eta horiz jantzi da Suitzako Itzulian
EITB MEDIA
Trek-Segafredo taldeko txirrindulari danimarkarrak lortu du garaipena lasterketako hirugarren etapa amaitu den mendate gogorrean. Remco Evenepoelek, proba irabazteko faborito nagusiak, erasoa jo du, baina 21 segundo galdu ditu azkenean; Pello Bilbao, bikain, Evenepoelekin batera sartu da.
Trek-Segafredo taldeko Mattias Skjelmose txirrindulari danimarkarrak irabazi du, asteartean, 2023ko Suitzako Itzuliaren hirugarren etapa, Villars-sur-Ollon 1. mailako mendatean, eta, horrez gain, sailkapen nagusiko lehen postuan jarri da. Skjelmose izan da indartsuena lasterketa amaitu den mendate gogorrean; Remco Evenepoel Soudal Quick-Step taldeko ziklista belgikarrak, proba irabazteko faborito nagusiak, erasoa jo du, sei bat kilometro geratzen zirela, baina, azkenean, 21 segundo galdu ditu. Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) bikain ibili da, eta Evenepoelekin batera helmugaratu da; gernikarra sailkapen nagusiko bosgarren postuan dabil, eta Jon Izagirre (Cofidis), ordea, zortzigarren tokian dago.
Aurreikuspena zen etapa ikusgarria izan zitekeela, kontuan izanik ibilbidea nolakoa zen, eta bete egin da aurreikuspen hori. Azken mendateak biziki estutu ditu txirrindulariak, eta, gainera, euripean izan da lasterketa; emozioa izan da, azken metroetaraino, eta, hori gutxi balitz bezala, gutxik espero zuten etapak izan duen amaiera.
Batez ere, ikusita zein arraz eta indartsu atera den Remco Evenepoel tropeletik, helmuga oraindik urrun zegoela. Felix Gall AG2R taldeko austriarra eta Skjelmose bera belgikarraren parean jarri dira, eta atzetik, nahiz eta hasiera batean ezin izan dion Evenepoelen erritmoari eutsi, Pello Bilbao ausart ibili da, lasterketa buruarekin bat egin nahirik, etapa garaipenaren lehian sartzeko.
Txirrindulariak borrokarako prest daudenean, astearte honetakoa bezalako igoera bat ikuskizun ederra izan daiteke. Azken txanpan, Stefan Kung liderra eta Wout van Aert dagoeneko atzean zeudela, Gallek egin du aurrera, eta Skjelmose segituan heldu da haren aldamenean; Evenepoelek, aldiz, ezin izan du. Atzetik zihoan taldeak, azken kilometroan, belgikarra harrapatu du. UAEko Juan Ayuso, atzetik aurrera eginez, Evenepoel gainditu du, eta hirugarren postuan helmugaratu da.
Garaipena aurrean zegoen, Skjelmoseren eta Gallen arteko esprintean; danimarkarra argi nagusitu da. Podiuma zuen zain, etapakoa eta sailkapen nagusikoa; izan ere, maillot horiaz jantzita aterako da laugarren etapan, asteazkenean. Jardunaldi hori Montheyn hasiko da, eta Leukebarden amaitu, eta 152,5 kilometroko ibilbidea du. Bigarren zatia, beste behin, gogorra da, eta, hortaz, ikustekoa izango da nolako kontraerasoa egiten duten asteartean denbora galdu dutenek, eta, halaber, zer duten prest lasterketa buruan izan direnek.
3. ETAPAKO SAILKAPENA
1 - SKJELMOSE Mattias (Trek) 03:29:14
2 - GALL Felix (AG2R) +00:03
3 - AYUSO Juan (UAE) +00:12
4 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +00:21
5 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) d. b.
6 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.
7 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) d. b.
8 - URAN Rigoberto (EF Education) d. b.
9 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) +00:37
10 - BARDET Romain (DSM) +00:45
11 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) +00:47
SAILKAPEN NAGUSIA
1 - SKJELMOSE Mattias (Trek) 07:36:31
2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +00:17
3 - AYUSO Juan (UAE) +00:24
4 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) +00:39
5 - BILBAO Pello (Bahrain) m. t. +00:49
6 - URAN Rigoberto (EF Education) +00:56
7 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) +01:04
8 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) +01:05
9 - GALL Felix (AG2R) +01:07
10 - BARDET Romain (DSM) +01:15