Itxi

Heriotza

Federico Martin Bahamontes txirrindularia zendu da, 95 urte zituela

EITB MEDIA

Leer en Castellano

1959ko Frantziako Tourra irabazi zuen, 1963koan bigarren amaitu zuen, eta 1964an, hirugarren; halaber, bigarren egin zuen 1957ko Espainiako Vueltan. Tourraren historiako igotzailerik onena da, lasterketak berak izendatuta, eta sei aldiz irabazi zuen mendiko sailkapena.

Federico Martin Bahamontes, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

Federico Martin Bahamontes, Frantziako Tourra irabazi zuen lehen txirrindulari espainiarra, Toledoko Arranoa goitizena zuena, asteartean zendu da, Valladoliden, 95 urte zituela, Carlos Velazquez Toledoko alkateak jakitera eman duenez. 1959ko Frantziako Tourra irabazi zuen, 1963koan bigarren amaitu zuen, eta 1964koan, hirugarren; halaber, bigarren egin zuen 1957ko Espainiako Vueltan. Tourraren historiako igotzailerik onena da, lasterketak berak izendatuta, eta sei aldiz irabazi zuen mendiko sailkapena.

Santo Domingo-Caudilla Toledoko herri txikian sortua (1928ko uztailaren 9an jaio zen), 1954tik 1965era bitartean ibili zen profesional. Tarte horretan, guztira, 74 garaipen eskuratu zituen; nabarmenena, arestian esan bezala, 1959ko Frantziako Tourra.

19 urte zituela, afizionatu mailan hasi zen. Orduan, paseoko bizikleta bat erabiltzen zuen; bizikleta hura 150 pezetaren truke erosi zuen. El Lechuga deitzen zioten, aitonari bezala, eta goitizen hori ondo zetorkion, fruta-denda batean lan egiten baitzuen. 1949an hasi zen nabarmentzen, Luis Guijarro proba eta Avilako Itzulia irabazi zituenean.

1953an, Kataluniako Itzulian parte hartu zuen, aurreneko aldiz, eta hurrengo urtean hasi zen profesionaletan. Bartzelonara joan zen, eta Santiago Mostajoren taldeak fitxatu zuen. Monakon igo zen lehen aldiz podiumera nazioarte mailako proba batean, Agel mendiko igoeran.

Sei aldiz irabazi zuen mendiko sailkapena Frantziako Tourrean

Frantziako mendate mitikoetan, Tourrean debuta egin zuenean hasi zen garaipenak lortzen. Hain zuzen ere, 1954an lehiatu zen lehen aldiz Frantziako Tourrean, eta mendiko sailkapena irabazi zuen. Frantziako Tourreko mendiko sailkapena sei aldiz irabazi zuen guztira: 1854an, 1958an, 1959an, 1962an, 1963an eta 1964an.

1955ean estreinatu zen Espainiako Vueltan, baina Tourrean ezin izan zen aritu, gaisotasun baten eraginez. Hurrengo urtean, berriz, bikain ibili zen Tourrean, eta sailkapen nagusian laugarren amaitu zuen. Ordurako erakutsita zuen goi mailako igotzailea zela.

Bigarren tokian amaitu zuen 1957ko Espainiako Vuelta, eta Frantziako Tourrean lasterketa utzi zuen, bederatzigarren etapan. Garai hartan jarri zion L'Equipe egunkariak Toledoko Arranoa goitizena. Hurrengo urtean, mendiko sailkapena irabazi zuen, eta sailkapen nagusian seigarren tokian amaitu zuen Frantziako Tourra.

1959an, Fausto Coppi mitikoaren Tricofilina taldeak fitxatu zuen Bahamontes, eta txirrindulari espainiarrak garaipenik handiena lortu zuen: Tourra irabazi zuen. Ekitaldi hartan, ez zen faborito nagusia, baina Pirinioetan ihesaldi luzea egin zuen, eta, gerora, Puy de Domeko kronoigoeran ere abantaila eskuratu. Hortaz, maillot horia jantzita iritsi zen Parisera.

1961ean, ez zuen denboraldi ona izan. Giroan lasterketa utzi zuen, eta ez zuen Tourrean parte hartu. 1962an, ordea, bai. Urte hartan, talde komertzialek nazioetako taldeen lekukoa hartu zuten Frantziako Tourrean. Margnat-Palona Frantziako taldeak fitxatu zuen Bahamontes, eta Tourrean laugarren amaitu, etapa bat irabazi eta mendiko maillota jantzi zuen.

Bahamontesek 1959ko Frantziako Tourra irabazi zuen. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

Jacques Anquetilek irabazi zuen Tourra urte horretan, eta baita hurrengoan ere. 1963an, Bahamontesek bigarren egin zuen, eta hirugarren, 1964an, Anquetilen eta Poulidorren atzetik. Urte hartan, seigarren aldiz eskuratu zuen mendiko sailkapena, eta bi etapatan gailendu zen.

Profesional bezala eman zuen azken denboraldian, 1965ean, Espainiako Vueltan hamargarren postua lortu zuen, eta ez zuen Tourra amaitu. Montjuicerako Igoera irabazi zuen, urte hartako urriaren 12an, eta hori izan zen haren azken garaipena, erretiroa hartu aurretik.

Palmaresean, horrez gain, azpimarratzeko modukoa da bost aldiz irabazi zuela Arrateko Igoera, bata bestearen atzean, 1958tik 1962ra bitartean.

Tourraren historiako igotzailerik onena

Txirrindularitza utzi ostean, behin bakarrik igo zen jendaurrean bizikleta gainera, Luis Ocañaren omenez (1973ko Tourra irabazi zuen, eta 1994an zendu zen). Bizikleta eta ziklomotor denda bat izan zuen Toledon, 1966 eta 2004 bitartean (urte hartan itxi zuten), eta Toledoko Itzulia antolatu zuen, 50 urtez, 2015era arte.

2013an, Frantziako Tourraren lehen mendeurrenean, antolatzaileek omenaldia egin zioten, eta ofizialki izendatu zuten Tourraren historiako igotzailerik onena.

Albisteak (1)