Munduko Txapelduna
Suitza, taldekako erlojupeko mistoaren munduko txapelduna; Frantziak eta Alemaniak, zilarra eta brontzea
EITB MEDIA
Marlen Reusser, Nicole Koller, Elise Chabbey, Mauro Schmid, Stefan Kung eta Stefan Bissegger izan dira azkarrenak. Xabier Mikel Azparren Espainiako selekzioan aritu da, eta hamaikagarren geratu dira. Suitzak 2022ko garaipena berretsi du.
Suitzak irabazi du, asteartean, Glasgown (Eskozia) jokatzen ari diren Munduko Txirrindularitza Txapelketako taldekako erlojupeko mistoaren proba. Marlen Reusser, Nicole Koller, Elise Chabbey, Mauro Schmid, Stefan Kung eta Stefan Bissegger ziklistek osatutako seikotea izan da azkarrena, eta Frantzia eta Alemania sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Horrenbestez, Suitzak irabazi du urrezko domina (2022an bezala), Frantziak zilarrezkoa eta Alemaniak brontzezkoa. Xabier Mikel Azparren txirrindulari donostiarra ere aritu da proban, Espainiako selekzioa osatuz, eta hamaikagarren amaitu dute lasterketa.
Testuinguru horretan, Suitzak 54 minutu, 16 segundo eta 20 ehunen behar izan ditu erlojupekoak zituen 40,3 kilometroak betetzeko; Frantziak 7 segundo eta 8 ehunen gehiago behar izan ditu, eta Alemaniak, 51 segundo eta 31 ehunen gehiago.
Frantziako taldea hauek osatu dute: Juliette Labous, Cedrine Kerbaol, Audrey Cordon Ragot, Bryan Coquard, Remi Cavagna eta Bruno Armirail. Alemania, berriz, hauek ordezkatu dute: Franziska Koch, Lisa Klein, Ricarda Bauernfeind, Richard Walscheid Maximilian, Jannik Steimle eta Miguel Heidemann.
Suitzako bi kide, proban. Argazkia: EFE.
Erresuma Batua eta Italia geratu dira laugarren eta bosgarren, eta amaierara arte eutsi diete podiumera igotzeko itxaropenei.
Sailkapena
1 - SUITZA 54:16.20
2 - FRANTZIA +7.08
3 - ALEMANIA +51.31
4 - ERRESUMA BATUA +1:03.42
5 - ITALIA +1:17.01
6 - AUSTRALIA +1:37.79
7 - HERBEHEREAK +1:43.37
8 - AMERIKETAKO ESTATU BATUAK +1:45.85
9 - AUSTRIA +1:57.83
10 - POLONIA +2:46.93