Itxi

Munduko Txapelketa

Lorenzo Milesi italiarrak irabazi du 23 urtez azpiko erlojupeko Munduko Txapelketa

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Alec Segaert belgikarrak bereganatu du zilarrezko domina, eta Hamish McKenzie australiarrak eskuratu du brontzezkoa. Kern Pharma taldeko Raul Garcia Pierna espainiarrak laugarren postuan amaitu du proba, podiumetik hiru segundora.

Segaert, Milesi eta McKenzie, erlojupekoa amaituta. Argazkia: EFE.

Lorenzo Milesi txirrindulari italiarrak irabazi du, asteazkenean, 23 urtez azpiko banakako erlojupekoa Glasgown (Eskozia) jokatzen ari den Munduko Txapelketan, eta, horrenbestez, munduko txapeldun bihurtu da, modalitate eta maila horretan. 21 urteko italiarrak (DSM taldeko ziklista) urrezko domina lortu du eta ortzadar maillota jantzi. Alec Segaert belgikarra izan da bigarrena, eta zilarrezko domina erdietsi du, eta Hamish McKenzie australiarrak eskuratu du brontzezko domina, hirugarren denborarik onena eginda. Kern Pharma taldeko Raul Garcia Pierna txirrindulari espainiarrak laugarren amaitu du proba, eta podiumetik hiru segundora geratu da.

Erlojupekoak 36,2 kilometroko ibilbidea izan du, eta parte-hartzaileek Stirnlingen hasi eta bukatu dute saioa. Milesik 43 minutu eta 46 ehunen behar izan ditu amaitzeko; hau da, batez beste, orduko 50,503 kilometroko abiaduran egin du ibilbidea. Segaertek 11 segundo eta 27 ehunen gehiago behar izan ditu erlojupekoa bukatzeko, eta McKenziek Milesik baino 50 segundo eta 79 ehunen gehiago.

Horrenbestez, italiarrak Soren Waerenskjold norvegiarraren lekukoa hartu du. Azken horrek irabazi zuen 2022an, Australiako Wollongong hirian, 23 urtez azpiko banakako erlojupekoa Munduko Txapelketan.

Lorenzo Milesi, proban. Argazkia: EFE.

Sailkapena

1 - MILESI Lorenzo (Italia) 43:00.46

2 - SEGAERT Alec (Belgika) +11.27

3 - McKENZIE Hamish (Australia) +50.79

4 - GARCIA PIERNA Raúl (Espainia) +53.59

5 - RAFFERTY Darren (Irlanda) +56.01

6 - CHARLTON Josh (Erresuma Batua) +1:11.57

7 - SODERQVIST Jakob (Suedia) +1:18.12

8 - CURRIE Logan (Zeelanda Berria) +1:18.69

9 - CHRISTEN Jan (Suitza) +1:21.49

10 - LEONARD Michael (Kanada) +1:29.25

Albisteak (5)