Berritzea
Mikel Iturriak Euskaltel-Euskadirekin berritu du, 2024ko denboraldirako
EITB MEDIA
Horrenbestez, Urnietako txirrindulariak (31 urte) bost denboraldi beteko ditu euskal taldean. "Berritze honek asko esan nahi du niretzat", adierazi du Iturriak.
Mikel Iturriak Euskaltel-Euskadirekin duen kontratua berritu du, 2024ko denboraldirako, ostegunean euskal taldeak iragarri duenez. Horrenbestez, Urnietako txirrindulariak (31 urte) bost denboraldi beteko ditu talde laranjan. "Berritze honek asko esan nahi du niretzat", adierazi du Iturriak.
Testuinguru horretan, Iturriak "taldearen erreferentzietako bat izaten jarraituko du, nazioarteko egutegiko lasterketa garrantzitsuenetan", Euskaltel-Euskadiren esanetan. Ziklista gipuzkoarra Portugalgo Itzulian dabil orain. Asteazkenean hasi zen, eta aurreneko etapan Txomin Juaristi taldekidea bigarren sailkatu zen, Rafael Reis portugaldarraren atzetik. Berriki itzuli da lehiara Iturria, Ordiziako Klasikoan eta Donostiako Klasikoan; izan ere, apirilean, erorikoa izan zuen Asturiasko Itzulian.
Euskaltel-Euskadik gogora ekarri duenez, Iturriak hiru denboraldi eman zituen Euskadi Fundazioan (2013an eta 2014an, kontinental taldean, eta 2015ean, amateur gisa), eta 2020an bueltatu zen Euskaltel-Euskadira. Palmaresean, Espainiako Vueltako etapa bat du, 2019an lortutakoa, Urdazubin, Euskadi Basque Country-Murias taldean zebilela.
"Berritze honek asko esan nahi du niretzat. Gaixoaldi luze batetik nator, eta azken lesiotik. Taldeak ia lehiatu gabe aurten berritu izanak konfiantza handia ematen dit eta energiaz betetzen nau denboraldi honetarako, ahalik eta gehien ematen saiatzeko eta emaitza onak lortzeko. Oso pozik nago", esan du Iturriak, albistea baieztatuta. Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunaren iritziz, "Mikel taldeko beste zutabe bat da, Bizkarra bezala. Iturriak osasun une zailak bizi izan ditu azken urteotan, baina, Donostiako Klasikoan ikusi ahal izan genuenez, sasoiko denean maila ederra eskaintzen dio taldeari".