FITXAKETA
Kern Pharmak Unai Iribar fitxatu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Orain arte Euskaltel-Euskadin ibili den txirrindulari gipuzkoarrak 2025era arte sinatu du Nafarroako taldearekin.
Kern Pharma taldeak jakinarazi duenez, Unai Iribar gipuzkoarra fitxatu du 2025era arte. Hala, Iribar da hurrengo denboraldiari begira Nafarroako taldeak fitxatu duen bosgarren txirrindularia, aurretik Diego Uriarte, Unai Aznar, Hugo Aznar eta Jorge Gutierrez kontratatu baititu, guztiak Finisher taldekoak.
Kern Pharmara iritsi baino lehen, Unai Iribar (Ibarra, 1999) Euskaltel–Euskadi taldean ibili da bost denboraldiz, horietako hiru 23 urtez azpiko mailan eta beste bi profesionaletan.
Juanjo Orozek, Kern Pharma taldeko arduradunak, horrela iritzi dio Iribarren fitxaketari: "Oso pozik gaude Unai Iribar gurekin izango dugulako. Beheko mailetatik ezagutzen dugun txirrindularia da, eta, besteak beste, Euskal Herriko Itzulian edota Frantziako klasikoetan agerraldiak egin dituen arren, oraindik onena emateko duela uste dugu".
"Lasterketa gogorretan oso amaiera ona duen txirrindulari trebea da, eta, beraz, taldearen beharretara bikain egokitzen zaigu. Oso bloke polita osatzen ari gara egun bateko lasterketetarako, eta Unaik ekarpen handia egin dezake zentzu horretan. Gainera, etapakako itzulietan nahiko eboluzionatzen ari da, eta Kern Pharma Taldetik ehuneko ehunean lagunduko diogu bere urterik onenak oparitzeko", gehitu du Orozek.