Espainiako Vuelta | 6. etapa
Sepp Kussek irabazi du Javalambren, eta Lenny Martinez jarri da lider Espainiako Vueltan
EITB MEDIA
30 bat ziklista sartu dira eguneko ihesaldian, eta Jumbo-Visma taldeko txirrindulari estatubatuarra izan da indartsuena Pico del Buitre mendatean. Primoz Roglicek eta Jonas Vingegaardek 32 segundoko aldea lortu dute Remco Evenepoelekiko, eta Mikel Landa laugarren sartu da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jumbo-Visma taldeko Sepp Kuss txirrindulari estatubatuarrak irabazi du, ostegunean, Espainiako Vueltako seigarren etapa, Javalambreko Behatoki Astrofisikoan, Pico del Buitre mendatean. 40 bat ziklista sartu dira eguneko ihesaldian, eta Kuss izan da talde horretan indartsuena. Aipatu ihesaldian, sailkapen nagusiko lehen 25 txirrindularietatik 11 egon dira.
Kussek eraso gogorra jo du azken mendatean (1. mailakoa) eta 26 eta 31 segundoko aldea atera dizkie, hurrenez hurren, Lenny Martinez (Groupama-FDJ) eta Romain Bardet (DSM) frantziarrei. Bestalde, Mikel Landa (Bahrain) arabarra, ihesaldiko kideetako bat, laugarren helmugaratu da, 46 segundora, Marc Soler (UAE) kataluniarrarekin batera.
Faboritoen artean, Jumbo Visma taldeko kideak ere nabarmendu dira, Roglicek erasoa jo baitu faboritoen taldean, eta Jonas Vingegaardekin batera sartu da helmugan, garailearengandik 2:52ra. Bestalde, Juan Ayusok (UAE) 2:55 minutu galdu ditu, eta gaur arte liderra zen Remco Evenepoelek (Soudal), 3:23 (32 segundo Roglic eta Vingegaardekiko).
Sailkapen nagusiari dagokionez, Martinez (20 urte) da orain ezusteko liderra. Groupama-FDJ taldekoak 8 segundo ateratzen dizkio Sepp Kussi. Urrunago, hirugarren postuan, Marc Soler dago, 51 segundoko atzerapenarekin. Ondoren, Wout Poels (Bahrain) 1:41era, Steff Craf (TotalEnergies) 1:48ra eta Mikel Landa, seigarren, 1:58ra.
Ostiral honetan, zazpigarren etapa jokatuko da, Utiel eta Oliva artean, eta 200,8 kilometroko ibilbidearekin, aurtengo edizioko bigarren jardunaldi luzeena izango da. Txirindulariek ez dute aparteko zailtasunik aurkituko ibilbidean, eta, hartara, aukera argia izango dute esprinterrek.
ETAPAKO SAILKAPENA:
1 – KUSS Sepp (Jumbo) 4:27:29
2 – MARTINEZ Lenny (Groupama) +0:26
3 – BARDET Romain (DSM) +0:31
4 – LANDA Mikel (Bahrain) +0:46
5 – SOLER Marc (UAE) d. b.
6 – POELS Wout (Bahrain) +1:03
7 – RUBIO Einer Augusto (Movistar) +1:05
8 – RODRIGUEZ Cristian (Arkea) +1:12
9 – CRAS Steff (TotalEnergies) d. b.
10 – CEPEDA Jefferson Alveiro (Caja Rural) +1:26
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 – MARTINEZ Lenny (Groupama) 21:40:35
2 – KUSS Sepp (Jumbo) +0:08
3 - SOLER Marc (UAE) +0:51
4 – POELS Wout (Bahrain) +1:41
5 – CRAS Steff (TotalEnergies) +1:48
6 – LANDA Mikel (Bahrain) +1:58
7 – CEPEDA Jefferson Alveiro (Caja Rural) +2:06
8 – DE LA CRUZ David (Astana) +2:23
9 – EVENEPOEL Remco (Soudal) +2:47
10 – MAS Enric (Movistar) +2:50