Itxi

Espainiako Vuelta | 7. etapa

Geoffrey Soupek ezustekoa eman du eta esprintean irabazi du zazpigarren etapa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Frantziarrak Utiel eta Oliva arteko 201 kilometroko etapa irabazi du. Ander Okamika bizkaitarra eguneko ihesaldiko protagonista izan da, baina tropelak harrapatu du 41 kilometroren faltan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Geoffrey Soupe (TotalEnergies) frantziarrak irabazi du Espainiako Vueltako zazpigarren etapa, Utiel eta Oliva artean, 200,8 kilometrokoa, aurtengo edizioko bigarren luzeena, Lenny Martinez herrikidea lider mantendu delarik.

Soupek ezustean harrapatu du garaipena, 4:56:29ko denbora eginez, Orluis Aular (Caja Rural Seguros RGA) venezuelarraren eta Edward Theuns (Lidl Trek) belgikarraren aurretik.

Sailkapen nagusia ez da aldatu eta Lenny Martinezek lidertzan jarraitzen du Sepp Kuss (Jumbo Visma) estatubatuarrarekiko 8 segundoko errentarekin eta Marc Soler (UAE) espainiarrarekiko 51koarekin. Faboritoek 20 segundoko tarte baten barruan jarraitzen dute, Evenepoel, Vingegaard, Roglic eta Juan Ayuso aukerak irekita dituztelarik.

Jose Herrada 37 urteko beteranoak (Cofidis) eta Ander Okamika ohiko euskal iheslariak (Burgos BH) bakarrik egin diote aurre tropelari.

Ander Okamika, eguneko ihesaldian. Argazkia: EFE

Geraint Thomasengan eragina izan duen erorketa batek lasaitasuna hautsi du, baina pelotoiaren jazarpena kontrolpean egon da uneoro. Kaden Grovesenen Alpecin taldeko gizonek hirugarren garaipena nahi zuten australiarrarentzat eta lan egitea tokatu zaie.

Jose Herrada helmugatik 67 kilometrora geratu da eta Okamika bakarrik utzi du. Lekeitioko txirrindulariak ahal izan duenari eutsi dio, baina helmugatik 41 kilometrora harrapatu du tropelak, ihesean 159 kilometro egin ondoren. Hala ere, ez da esku-hutsik joan: eguneko borrokalari izendatu dute.

Perello Gandia eta Cullera parean, tarteko esprintak ordena aldatu du une batez. Groves izan da liderra eta Vingegaardek 2 segundoko gainsaria lortu du.

Lasaitasuna helmugatik 10 kilometrora amaitu da. Berriro ere erorikoek tropela izutu dute. Lehen istripuak, ondoriorik gabe, Sepp Kuss kaltetu du, eta handik gutxira, Thymen Arensman nederlandarrak ospitalean bukatu du.

Aular venezuelarrak urrutitik eraso du, metro batzuk ireki ditu eta, ospatzera zihoala, Geoffrey Soupe aurreratu zaio.

ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - SOUPE Geoffrey (TotalEnergies) 4:56:29

2 - AULAR Orluis (Caja Rural) d. b.

3 - THEUNS Edward (Lidl) d. b.

4 - MOLANO Juan Sebastián (UAE) d. b.

5 - GROVES Kaden (Alpecin) d. b.

6 - VAN DEN BERG Marijn EF E) d. b.

7 - GONZÁLEZ David (Caja Rural) d. b.

8 - PAGE Hugo (Intermarché) d. b.

9 - GANNA Filippo (INEOS) d. b.

10 -GOVEKAR Matevž (Bahrain) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - MARTINEZ Lenny (Groupama) 26:37:04

2 - KUSS Sepp (Jumbo) +0:08

3 - SOLER Marc (UAE)+0:51

4 - POELS Wout (Bahrain) +1:41

5 - CRAS Steff (TotalEnergies) +1:48

6 - LANDA Mikel (Bahrain) +1:58

7 -DE LA CRUZ David (Astana) +2:23

8 - CEPEDA Jefferson Alveiro (Caja Rural) 2:30

9 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +2:47

10 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +2:50

Albisteak (3)

Bideoak (1)