Asteazkena, irailak 13
Espainiako Vueltako 17. etaparen profila eta ibilbidea: Ribadesella - Angliru (124,5 km)
EITB MEDIA
Asteazken honetako etapan, lehen mailako bi mendate igo ostean, Angliru mendate beldurgarria iritsiko da, Vueltako klasiko bat. Gaur gertatzen denak zeresana izan dezake lasterketaren etorkizunean.
Azken astearen erdira iritsita, Espainiako Vuelta amaitzeko atzerako kontaketa hasi da 17. etapa honetan. Egun berezia da, txirrindulariek itzuliko igoerarik mitikoena igoko dutelako: Angliru.
12,4 kilometro eta batez beste % 9,8ko aldapak ditu, baina % 20koak ere baditu tartean. Hortaz, munduko mendaterik gogorrenetakoa da, maila berezikoa. Lehen bost kilometroak nahiko lasaiak diren arren, Viaparara iritsitakoan hasten da zailtasuna. % 10etik gorako tarteak eta bihurguneak hasiko dira bertan, Cueña Les Cabresko malda gogorrera heldu aurretik.
Aurretik, dena den, lehen mailako beste bi mendateri egin beharko die aurre tropelak: Colladiella (7,5 km eta batez beste % 7,1eko aldapak) eta Cordal (5,4 km eta batez beste % 9,2ko maldak). Eskalatzaile onenek Vueltako etapa garrantzitsuenetako bat irabazteko aukera izango dute bertan.
Jumbo-Visma taldeak sailkapenean duen nagusitasunari eusten ote dion ikusiko dugu gaur, oraingoz, lehen hiru postuetako txirrindulariak ekipo horretakoak baitira: Sepp Kussek du maillot gorria, eta Primoz Roglic (01:37ra) eta Jonas Vingegaard (01:44ra) ditu atzetik. Mikel Landa euskal korrikalaria, berriz, zazpigarren dago, 04:12ra.
Etapa: 17. etapa (irailak 13, asteazkena)
Ibilbidea: Ribadesella-Angliru
Distantzia: 124,5 km
Irteera ordua: 13:40
Iritsiera ordua: 17:18 (37 km/h) | 17:30 (35 km/h) | 17:43 (33 km/h)
Mendiko saria: La Colladiella (1. maila), 75,8. kilometroan; El Cordal (1. maila), 103,3. kilometroan; L'Angliru (maila berezia), 124,4. kilometroan