Itxi

Jumbo-Visma taldekoa

Van Hooydonck "esna" dago eta "ez du zauririk" gidatzen ari zela izandako istripuaren ondorioz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jumbo-Vismako txirrindulari belgikarraren egoera "ez da kritikoa", Herbehereetako taldeak astearte arratsaldean iragarri duenez.

Van Hooydonck, 2023ko Frantziako Tourraren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Nathan Van Hooydonck Jumbo-Visma taldeko txirrindulari belgikarra "esna" dago eta "ez du zauririk" asteartean izandako zirkulazio istripuaren ondorioz. Autoa gidatzen ari zela, "ondoezik" sentitu da, eta istripua izan du. Haren egoera "ez da kritikoa", astearte iluntzean Herbehereetako taldeak nabarmendu duenez.

"Nathan Van Hooydonck esna dago eta ez du zauririk gaurko zirkulazio istripuaren ondorioz. Haren osasun egoera ez da kritikoa. Mediku azterketa gehiago egingo dizkiote, zehazteko zergatik sentitu zen gaizki autoa gidatzen ari zela. Animo mezu guztiak eskertu nahi ditugu, eta eskerrak eman nahi diegu, halaber, ospitaleko medikuei, Nathan eta bere familia horren ondo zaintzeagatik", adierazi du taldeak.

Astearte goizean eraman dute Van Hooydonck ospitalera, eta "azterketa mediko gehiago" egin dizkiote bertan. "Egiaztatu ahal dugu Nathan Van Hooydonck gure ziklista ondoezik sentitu dela gidatzen zihoala, eta auto istripua izan du horren ondorioz. Gerora, ospitaleratu egin dute, eta bertan ari dira artatzen", zabaldu zuen Jumbo-Vismak goizean. Istripuan, guztira, bost auto nahasi dira. Nieuwsblad egunkariaren arabera, Van Hooydonck zorabiatu egin da semaforo baten parean, eta azeleragailua zapaltzen jarraitu du.

27 urteko ziklista Kalmthouten (Belgika) zegoen, atseden hartzen. Denboraldi honetan, Frantziako Tourrean lehiatu da, eta laguntza handia eman zion Jonas Vingegaard taldekideari, azken horrek sailkapen nagusian garaipena lor zezan.