Europako Txapelketa
Erviti, Barrenetxea, De la Parte eta Azparren errepideko txirrindularitzako Europako Txapelketan izango dira
EITB MEDIA
Alex Aranburuk ezin izango du Herbehereetako Drenthe probintzian egingo den hitzorduan parte hartu, bere taldearekin dituen konpromisoengatik. Oier Lazkano, bestalde, ez da joango Espainiako Vueltan birus bat izan duelako.
Imanol Erviti, Jon Barrenetxea, Victor de la Parte eta Xabier Mikel Azparren euskal txirrindulariak deitu ditu Espainiako selekzioak irailaren 20tik 24ra Herbehereetan, Drenthe probintzian, egingo den errepideko Europako Txirrindularitza Txapelketarako. Alex Aranburu ezingo da bertan egon, konpromisoak baititu bere taldearekin, eta Oier Lazkano ere ez da bertan izango, Espainiako Vueltan birus batek erasan baitio.
Gainera, Pascual Momparler Espainiako selekzioaren hautatzaileak Xabier Mikel Azparren txirrindularia aukeratu du Glasgowko Munduko Txapelketan erlojuaren kontrako proban Espainia ordezkatzeko.
Europako Txapelketa irailaren 20an hasiko da, asteazkenean, erlojupeko banakako lasterketekin; gizonezkoena 16:15ean hasiko da, eta 29,5 kilometroko ibilbide laua izango du. Emmenen hasi eta amaituko da, eta, zuzengune luzeak dituenez, ibilbidea aproposa izango da errodadore eta erlojuaren kontrako espezialistentzat.
Ibilbidea Assen herritik abiatuko da, eta 115 kilometroko hasierako sektorea egingo dute azken zirkuitura iristeko, Vam gainera (400 metro % 10eko maldekin). Zirkuitu horri sei itzuli emango dizkiote, guztira 199,8 kilometro egiteko.