Jumbo-Vismako txirrindularia
Jumbo-Vismako Nathan Van Hooydonckek txirrindularitza utziko du, 27 urte dituela, bihotz anomalia batengatik
EITB MEDIA
Aurreko asteko asteartean, hilaren 12an, belgikarra ondoezik sentitu zen, gidatzen ari zela; Anbereseko Ospitalean egin dizkioten probetan, anomalia bat antzeman diote, eta, horren ondorioz, profesionala izateari utzi beharko dio.
Nathan Van Hooydonck txirrindulari belgikarrak txirrindularitza profesionala utziko du, 27 urte dituela, bihotz anomalia batengatik, asteazkenean Jumbo-Visma haren taldeak iragarri duenez. Duela egun batzuk, aurreko asteko asteartean, irailaren 12an, Van Hooydonck ondoezik sentitu zen, gidatzen ari zela; Anbereseko Ospitalean egin dizkioten probetan, anomalia bat antzeman diote, eta, horren ondorioz, profesionala izateari utzi beharko dio.
Jumbo-Vismak zehaztu duenez, asteartean Van Hooydoncki barne desfibriladore bat jarri zioten, "etorkizunean egon litezkeen balizko arritmiak zuzentzeko". Azken egunotan egindako proben ostean, txirrindulari belgikarrari bihotz anomalia bat diagnostikatu diote; horrek eragin zion hilaren 12an jasandako ondoeza: "Horrek Van Hooydoncken ibilbide profesionalaren amaiera dakar", azpimarratu du Jumbok.
Ziklistak, ordea, nabarmendu du "zorte handia" izan duela, azkar-azkar artatu zutelako: "Ondo nago orain, baina oraindik barneratu behar dut honek nire ibilbidearen amaiera dakarrela", adierazi du. Hemendik aurrera, sendatzea izango du helburu; aita izango da berehala, gainera.