Europako Txapelketak
Mischa Bredewold herbeheretarrak irabazi du errepideko Europako Txapelketa
Agentziak | EITB MEDIA
Bakar-bakarrik sartu da helmugan, 10 kilometroren faltan iheskideei eraso eginda. Lau segundoko aldea atera die Lorena Wiebesi eta Lotte Kopeckyri.
Mischa Bredewold herbeheretarra da errepideko Europako Txapeldun berria Hebeheretan bertan, Meppel eta Col du Vam artean, jokatutako 129,6 kilometroko lasterketa irabazita. Bigarren Lorena Wiebes herrikidea eta iazko txapelduna izan da, eta hirugarren, berriz, Lotte Kopecky egungo munduko txapelduna.
Bredewoldek erasoa jo du helmugarako 10 kilometrora, lasterketa buruan zihoan taldetxoan. Helmugan lau segundoko aldea atera die Wiebesi eta Kopeckyri.
Bredewoldek profesionaletan lortzen duen zazpigarren garaipena da, eta lasterketa handi batean lortzen duen lehenengoa. SD Worx taldeko 23 urteko txirrindulariaren garaipenak Herbeheretako txirrindularien nagusitasuna berretsi du. 2018an bakarrik egin die huts urreak, orduan Marta Bastianelli italiarra gailendu zen.
Herbeheretarrek zortzi garaipen dituzte dagoeneko: Anna van der Breggen 2016an, Marianne Vos 2017an, Amy Pieters 2019an, Annemiek van Vleuten 2020an, Ellen van Dijk 2021ean, Lorena Wiebes 2022an eta Mischa Bredewold 2023an.
Usoa Ostolaza gipuzkoarrak ez du lasterketa amaitu.
Sailkapena
1 - BREDEWOLD Mischa (Herbehereak) 3:04:12
2 - WIEBES Lorena (Herbehereak) +0:04
3 - KOPECKY Lotte (Belgika) d. b.
4 - GEORGI Pfeiffer (Britainia Handia) +0:08
5 - PERSICO Silvia (Italia) d. b.
6 - CHABBEY Elise (Suitza) d. b.
7 - LIPPERT Liane (Alemania) d. b.
8 - HENDERSON Anna (Britainia Handia) d. b.
9 - LABOUS Juliette (Frantzia) +0:11
10 - VOLLERING Demi (Herbehereak) +0:13