Itxi

Berritzea

Mark Cavendish ez da aurten erretiratuko, eta Astana taldean jarraituko du beste denboraldi batez

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Man uharteko txirrindulariak Merckxekin batera Tourrean duen 34 garaipeneko errekorra gainditzea du xede.

Mark Cavendiseh artxiboko irudia, 2023ko Frantziako Tourrean. EFE

Mark Cavendish (Astana Kazakhstan Team) txirrindulari britainiarrak bertan behera utzi du aurtengo denboraldiaren amaieran erretiroa hartzeko zuen asmoa, Italiako Giroa korritzen ari zenean iragarri zuena, eta, hala, asteazken honetan jakinarazi du kontratua berritu duela Astana taldearekin 2024ko denboraldirako. Merckxekin batera Tourrean duen 34 garaipeneko errekorra gainditzea izango du helburu.

"Txirrindularitzaren historiako esprinter onenetako batek, Mark Cavendishek, bere ibilbide profesionalaren amaiera beste urtebetez atzeratzea erabaki du. Aldi berean, Mark Cavendishek eta Astana Kazakhstan taldeak akordioa lortu dute datorren denboraldirako", iragarri du Astanak ohar baten bidez.

Gerora, Cavendishek berak albistea berretsi du: "Beno, aurten txirrindularitza utziko nuela iragarri nuen, eta gogotsu nengoen egunero entrenatzera jaiki beharrik ez izateko eta hainbeste denbora etxetik kanpo ez egoteko, familiarekin denbora pasatzeko baizik. Txirrindularitza asko gustatzen zait, lasterketak asko gustatzen zaizkit, baina pozik nengoen erabaki horrekin", azaldu du txirrindulariak.

"Frantziako Tourretik kanpo geratzea (lasterketa utzi behar izan zuen eroriko batengatik) ez zen nire ibilbide profesionalari eman nahi nion amaiera. Baina hori da dagoena. Astana Kazakhstanekin batera, talde bezala izugarri hazi gara aurten, eta benetako familia batean bezala sentitu gara. Ni erori ondoren, Aleksandr Vinokurovek Frantziako Tourrean esan zidan lehenengo gauza honakoa izan zen: Zergatik ez duzu beste urtebete egiten?", gaineratu du britainiarrak.

Hasiera batean ezezkoa eman bazuen ere, esprinterrak iritzia aldatu zuen familiarekin hitz egin ostean, eta "beste urtebetez" jarraitzera animatu zuten. "Beraz, orain uste dut prest nagoela beste denboraldi batez txirrindulari profesional gisa aritzeko, eta pozik Astana Kazakhstan taldearekin egin dezakedalako. Asko gustatzen zait talde hau, eta, datorren urtetik haratago, proiektu honen alde beste zerbait gehiago egitea gustatuko litzaidake. Hala ere, hori etorkizunari begirako kontua da", zehaztu du Cavendishek.

Horrela, errepideko munduko txapeldun ohiak (2011) baztertu egin du aldi baterako Italiako Giroko bigarren atseden-egunean iragarri zuen erretiroa hartzeko asmoa, 38 urte bete berritan eta 160 garaipen baino gehiago dituela.

"Ez da inongo sekretua Marken helburu nagusia Frantziako Tourra zela, bertan etapa bat irabazteko. Izan ere, zazpigarren etapan bere marka historikoa haustetik oso gertu egon zen. Hala ere, hurrengo egunean eroriko handi batek plan guztiak hankaz gora jarri zituen. Uste dut benetako txapeldun batek ez lukeela horrela amaitu behar bere ibilbidea", adierazi du Aleksandr Vinokurov Astana Kazakhstan taldeko zuzendari nagusiak.

Albisteak (2)