Berritzea
Asier Etxeberriak Euskaltel-Euskadirekin berritu du, 2024ko denboraldirako
EITB MEDIA
Txirrindulari nafarrak hazten ikusi duen taldean jarraituko du datorren denboraldian. Etxeberriak, bestalde, Mikel Bizkarra, Joan Bou, Xabier Isasa, Mikel Iturria eta Gotzon Martin taldekideekin bat egingo du 2024an.
Asier Etxeberriak kontratua berritu du Euskaltel-Euskadirekin 2024ko denboraldirako, euskal taldeak ostiral honetan jakitera eman duenez. Euskadi Fundazioan, 2017tik, lehenik amateur gisa eta 2022tik talde profesionalean, txirrindulari nafarrak hazten ikusi duen taldean jarraituko du datorren denboraldian.
Asierrek 2022an egin zuen jauzia lehen taldera, eta 2023an ezin izan du jarraipenik izan. Izan ere, bere lehen lasterketan, Mallorcan, eroriko bat izan zuen, eta denboraldi erdian mononukleosia gaitza izan du. Edonola ere, eskalatzaile gazteak, kirol-zuzendaritzaren konfiantza lortu du bere lanagatik eta profesionaltasunagatik. 23 urtez azpiko txirrindulari eta elite gisa, bestalde, Euskadi Fundazioaren harrobian hazi da, bost urte egin baititu amateur mailako prestakuntzan.
Bada, Etxeberriak Mikel Bizkarra, Joan Bou, Xabier Isasa, Mikel Iturria eta Gotzon Martin taldekideekin bat egingo du 2024an, haiek ere Euskaltel-Euskadirekin berritu baitute.
"Egia esan, oso eskertuta nago taldeak beste aukera bat eman didalako, aurten ez baita espero nuena izan, denboraldiaurrean neure burua oso ondo prestatu ondoren. Erorketen, gaixotasunen eta bestelakoen artean, gauzak ez dira nahi bezala atera. Itxaropena dut datorren urtean hori aldatzea; gogor lan egiten jarraituko dugu emaitzak hobeak izan daitezen" adierazi du Etxeberriak.
Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak, Jorge Azanzak, berriz, honela baloratu du nafarraren jarraipena: "Asier maila handiko txirrindularia da, baina aurten erorikoa izan zuen Mallorkan bere aurreneko lasterketan, eta mononukleosia gaitza izan du. Espero dezagun hori guztia atzean uztea, eta Asierren bertsiorik onena berreskuratzea. Taldeari asko ematen dion txirrindularia da, eta pozgarria da Euskaltel-Euskadiren parte izatea".