2024rako
Laboral Kutxak UCIri eskatu dio 2024an WorldTourreko taldea izatea
EITB MEDIA
16 talde hautagai daude, eta 15 lizentzia banatuko dituzte: "Gauzatu ala ez, jarraituko dugu aukera berdintasunaren isla den erreferentzia izateko bidean, inguruko emakumezko txirrindulari gazteek kirol ametsak bete ahal izan ditzaten", adierazi du euskal taldeak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak eskaria egin dio Nazioarteko Txirrindularitza Federazioari 2024ko denboraldian WorldTeam mailako taldea izateko, ostegunean euskal taldeak adierazi duenez eta Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak berak egiaztatu duenez. 16 talde hautagai daude, eta 15 lizentzia banatuko dituzte: "Helburua gauzatu ala ez, jarraituko dugu aukera berdintasunaren isla den erreferentzia izateko bidean, inguruko emakumezko txirrindulari gazteek kirol ametsak bete ahal izan ditzaten", adierazi du taldeak.
Hala, Laboral Kutxak lehen oztopoa gainditu du, eta datorren urtean WorldTour lizentzia bat izateko aukera duten taldeen zerrendan ageri da. Orain, Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak argitu duenez, batzorde independente bat arduratuko da hautagaitza guztiak aztertzeaz, eta abenduaren 12an, batzordeak lana amaituta, nazioarteko erakundeak adieraziko du zein talde izango diren 2024an txirrindularitzako mailarik gorenean.
"Esana genuen gure nahia zela WorldTeam taldea izatea, emakumezkoen txirrindularitzako eliteraino iristeko asmoaren puntu goren bezala, eta horregatik aurkeztu dugu eskaria", azpimarratu du Laboral Kutxak, X sare sozialean. Azken erabakiaren zain izango da, beraz, euskal taldea.