Fitxaketa
Movistarrek Jon Barrenetxea fitxatu du 2025era arte
EITB Media
Bizkaiko txirrindularia Caja Ruralen ibili da azken denboraldietan, eta 2025eko abenduaren 31ra arte sinatu du kontratua Movistar taldearekin. "Niretzat ohorea da, baita erantzukizun handia ere", adierazi du Gamiz-Fikakoak kontratua sinatu ostean.
Movistarrek Jon Barrenetxea fitxatu du 2025era arte, taldeak ostiral honetan, urriaren 20an, komunikatu baten bidez jakinarazi duenez. Gamiz-Fikako (Bizkaia) txirrindularia Caja Rural-Seguros RGA taldetik iritsi da Movistarrera.
2023an Barrenetxeak Itzuliko mendiko saria irabazi zuen, hirugarren izan zen Boucles de l'Aulnen, zortzigarren Madrilgo Nazionalean eta Espainiako Vueltan protagonista izan zen hainbat ihesalditan. Gainera, bosgarren izan zen Vueltan, Caravaca de la Cruzen amaitu zen etapan. Halaber, maila bikaina eskaini zuen Mayennen eta Alentejon.
"Niretzat ohorea eta erantzukizun handia da fitxaketa hau. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiot Caja Rurali profesional mailara pasatzeko nigan jarritako konfiantzarengatik", adierazi du Movistarrekin kontratua sinatu ostean.
"Asko gozatu dut bizikleta gainean eta asko ikasi dut Caja Ruralen. 2023an ohartu naiz ibilbide polita eduki dezakedala profesional mailan. Izan ere, profesionaletara jauzia ematerakoan beti izaten dituzu zalantzak. Nire gaitasunak erakutsi ahal izan ditut azken urte honetan, eta nire helburuak dira hazten jarraitzea, beti hobetzen saiatzea eta orain izango ditudan maila handiko taldekideengandik asko ikastea", gaineratu du Barrenetxeak.