Berritzea
Omar Frailek Ineos Grenadiers taldearekin berritu du, 2025era arte
EITB MEDIA
33 urteko txirrindulari santurtziarrak bi denboraldi eman ditu, orain arte, Erresuma Batuko taldean; Astanatik iritsi zen bertara. 2023an, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta egin ditu, eta, otsailean, Andaluziako Itzuliaren etapa bat irabazi zuen.
Omar Fraile txirrindulariak Ineos Grenadiers taldearekin berritu du bi denboraldirako, alegia, 2025era arte, ostegunean Erresuma Batuko taldeak iragarri duenez. 33 urteko ziklista santurtziarrak bi denboraldi eman ditu, orain arte, Ineosen; Astanatik iritsi zen bertara. 2023ko denboraldian, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta egin ditu, eta, horrez gain, otsailean, Andaluziako Itzuliaren etapa bat irabazi zuen.
Frailek, palmaresean, Frantziako Tourreko etapa bat du: 2018an bereganatu zuen, Astanan zebilela. Horrez gain, 2017ko Italiako Giroan ere lortu zuen etapa bat irabaztea, Dimension Data taldeko kidea zela, eta 2018ko Euskal Herriko Itzuliko etapa bat ere badu garaipenen zerrendan. Hori gutxi ez, eta 2015eko eta 2016ko Espainiako Vueltan, mendiko sailkapena irabazi zuen. Garaipen horietaz gain, erakutsita du bikain betetzen duela talde gizonaren rola; amaitu berri den denboraldian, esaterako, Frantziako Tourrean, laguntza handia eman zion Carlos Rodriguezi.
"Harro zaude munduko talderik onenetako maillota janzteagatik. Horrek presioa dakar, baina modu berezian sentitzen duzu. Pozik nago taldean bi denboraldi gehiago jarraitzeagatik", esan du Omar Frailek, Ineosen web orrian jasotako adierazpenetan.
"Azken bi denboraldietan", gehitu du, orain arte Erresuma Batuko taldean izandako ibilbidea hizpide, "hainbat une berezi izan dira, baina, nire iritziz, nabarmenenak dira, alde batetik, Andaluzian erdietsi nuen garaipena, eta, bestetik, Bilbon hasi zen Frantziako Tourrerako taldean egon izatea. Tourrean etxean lehiatzea sinestezina izan zen. Ondorengo denboraldietan horiek bezalako une gehiago bizitzeko irrikan nago".