Dopinga
Beloki izango al da 2002ko Tourraren irabazlea?
Manu Gimenez
Erredakzioa
Armstrongek irabazitako zazpi Tourrak gal ditzake doping salaketei aurre ez egitea erabakitzeagatik. Hori horrela, Tour horiek bigarren geratu zirenentzat izan daitezke.
Lance Armstrongek uko egin dio AEBetako Dopingaren kontrako Agentziaren (USADA) doping salaketei aurre egiteari, eta ondorioz, Joseba Beloki izenda dezakete 2002ko Frantziako Tourraren irabazle, Armstrongen atzetik bigarren geratu zelako.
Dopingagatik Tour baten irabazleari saria kendu izan diotenetan, Tourraren antolakuntzak bigarren izan zenari eman izan dio irabazlearen saria. Horixe gertatu zen, adibidez, 2010eko Tourrean. Orduan, Alberto Contadorrek irabazi zuen lasterketa, baina zigorra jaso zuen dopingagatik eta saria bigarren postuan geratu zen Andy Schlecki eman zioten.
Hori horrela, txirrindulari estatubatuarrari 1999 eta 2005 artean irabazitako zazpi Tourrak kentzen badizkiote, edizio horietan bigarren postuan geratu ziren txirrindulariek jaso ditzakete sariak.
Hori da hain zuzen ere Joseba Belokiren kasua. 2002. urteko Frantziako Tourrean bigarren geratu zen, Armstroneng atzetik, txirrindulari euskalduna.
Baina Belokiz gain, Ivan Basso (2005), Andreas Kloden (2004), Jan Ullrich (2003, 2001, 2000) eta Alex Zulle (1999) ere Tourraren irabazle izenda ditzakete.
Hala eta guztiz ere, horietako batzuk dopingarekin lotutako prozesuetan zigortu dituzte, 'Puerto' izeneko operazioan adibidez, eta Ullrichek berak dopatu egin izan zela aitortu zuen; beraz, zaila da jakitea Armstrongi Tourrak kentzen badizkiote nori emango dizkioten.