Martxoak 2, larunbata
2024ko Strade Bianche lasterketa: ibilbidea, profila eta ordutegia
EITB MEDIA
Proba UCI World Tour mailakoa da, eta, larunbatean, hamar aldiz jokatuko dute emakumezkoen lasterketak, eta hamazortzigarrenez gizonezkoenak. Laboral Kutxa izango da, eta euskal taldeak Ane Santesteban eta Lourdes Oyarbide hautatu ditu; garaipena lortzeko hautagaien zerrendak izen handi asko ditu.
Strade Bianche, alegia, Toscana Italiako eskualdean urtero egiten duten eta hainbat kilometrotan lurreko bideak zeharkatzen dituen egun bakarreko proba, larunbatean jokatuko dute, martxoaren 2an; hain zuzen ere, hamargarren aldiz jokatuko dute emakumezkoen proba, eta hamazortzigarrenez gizonezkoena. UCI World Tour maila du, hau da, gorenekoa, eta, ondorioz, munduko talderik onenek parte hartuko dute. Lasterketan izango diren txirrindularien artean, izen handiko asko daude. Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldea ere izango da irteeran, Ane Santestebanekin eta Lourdes Oyarbiderekin, eta Cofidiseko Jonathan Lastrak ere jokatuko du proba.
Hain zuzen ere, 2024ko Strade Bianche Donne (hori da izen ofiziala) 9:40an hasiko da, Sienan, eta hiri horreha bertan amaituko da, ziklistek 137 kilometro eginda; antolatzaileen aurreikuspena da irabazleak 13:27tik 13:58ra bitartean amaitzea lasterketa. Garaipena eskuratzeko faboritoen zerrenda, Santesteban eta Oyarbide kenduta, hauek ere daude: Demi Vollering eta Lotte Kopecky (SD Worx-Protime), Elisa Longo Borghini (Lidl-Trek), Silvia Persico (UAE), edo Ashleigh Moolman (AG Insourance-Soudal).
Ikusi 2024ko Strade Bianche Donne lasterketako profila
Gizonezkoen lasterketari dagokionez, aurreikusita dago tropela 11:10ean irtetea Sienatik, eta irabazleak 15:33tik 16:01era bitartean amaitzea lana, Sienan ere, 215 kilometro eginda. Lasterketa irabazteko hautagaiak diren txirrindularien zerrendan hauek sartuko ditugu: Tom Pidcock (INEOS-Grenadiers), 2023ko garailea, eta Tadej Pogacar (UAE), 2022ko aurrenekoa, Jonathan Lastra Cofidis taldeko bilbotarra, Christophe Laporte eta Sepp Kuss (Visma), Geraint Thomas, Michal Kwiatkowski eta Thymen Arensman (INEOS), Lennard Kamna (BORA-hansgrohe), Richard Carapaz, Alberto Bettiol eta Ben Healy (EF Education-EasyPost), Stephen Williams (Israel-Premier Tech), Julian Alaphilippe (Soudal-Quick Step), Romain Bardet eta Warren Barguil (DSM), Tim Wellens (UAE), Magnus Cort (Uno-X) eta Matej Mohoric (Bahrain-Victorious).
Hemen duzu gizonezkoen 2024ko Strade Bianche lasterketako profila