3. ETAPA
UAEk irabazi du Paris-Nizako taldekako erlojupekoa, eta McNulty da lider berria
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatubatuarra sailkapeneko buruan dago, João Almeida, Finn Fisher-Black eta Jay Vine taldekideekin berdinduta.
UAE Team Emirates taldeak Paris-Nizako hirugarren etapa irabazi du astearte honetan, Auxerren (26,9 kilometro). Arabiar Emirerri Batuetako taldeak alde polita atera die gainerakoei, agian, euririk gabeko tartea lagun izan duelako. Irteera hartu duten azkenek, berriz, ibilbide osoa edo zati bat ur azpian egin dute.
Dena dela, UAE-k erlojupeko bikaina egin du, eta horri esker Brandon McNulty estatubatuarra da lasterketako lider berria.
Antolatzaileek aurten ere aurreko urteko formatu berritzailearekin jarraitu dute, eta, hala, helmugako denbora ez du talde bakoitzeko laugarren txirrindulariak ezarri (halako probetan ohikoa denez), baizik eta taldeko lehenak. Alabaina, horrek ez ditu liderrik edota espezialista handiak aurrera egitera bultzatu, taldekideak alde batera utzita.
Egia da BORA-hansgrohe taldeak, Primoz Roglic esloveniarraren talde berriak, estutzea erabaki eta hiru txirrindularirekin amaitu duela, ahulenak ibilbide erdian atzean utzita. Beste batzuk, Remco Evenepoel (Soudal-Quick Step) kasu, azkenean baino ez dute esprintatu. UAE Team Emirates irabazleari dagokionez, lau txirrindularirekin helmugaratu da.
31:23ko denborarekin eta 51.429 kilometro orduko batez besteko abiadurarekin, João Almeidak, Brandon McNultyk, Finn Fisher-Blackek eta Jay Vinek garaipena eman zioten UAEri, Marc Soler 41 segundora zutela. Bigarren talde azkarrena Team Jayco AlUla izan da, irabazlearengandik 15 segundora; eta hirugarrena, EF Education-EasyPost, 20 segundora.
Remco Evenepoel buru duen Soudal-Quick Step taldea laugarren izan da 22 segundora, Belgikako txapeldunaren azken esprint horri esker. INEOS Grenadiersek ere denbora bera ezarri du, eta sailkapeneko bosgarren tokia bete du, Carlos Rodriguez, Jonathan Castroviejo eta Egan Bernalekin.
Gehiago galdu dute Team Vismak (38 segundo) edo Roglicen BORAk (54 segundo), Okerrago jardun du Movistar Teamek (irabazleengandik 1:56 minutura), nahiz eta Ruben Guerreiro, Will Barta, Albert Torres edo Rémi Cavagna izan, erlojuaren aurkako espezialista handia.
ETAPAKO SAILKAPENA
UAE Team Emirates 31:23
Team Jayco AlUla +0:15
EF Education +0:20
Soudal - Quick Step +0:22
INEOS Grenadiers d.b.
Team Visma +0:38
Astana +0:39
Decathlon AG2R d.b.
Cofidis d.b.
Bahrain +0:42
CLASIFICACIÓN GENERAL
1 - MCNULTY Brandon (UAE) 8:48:53
2 - FISHER-BLACK Finn (UAE) d.b.
3 - ALMEIDA João UAE (UAE) d.b.
4 - VINE Jay (UAE) d.b.
5 - MATTHEWS Michael (Jayco AlUla) +0:15
6 - HARPER Chris (Jayco AlUla)d.b.
7 - PLAPP Luke (Jayco AlUla) d.b.
8 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:18
9 - DOULL Owain (EF Education) +0:20
10 - BERNAL Egan (INEOS) d.b.