Paris-Roubaix
Van der Poelek bigarren garaipena lortu du jarraian Paris-Roubaixen
Agentziak | EITB MEDIA
Nederlandarrak erasora jo du Orcheseko harbide zatian, helmugatik 60 kilometrora, eta bakarrik egin du hortik aurrerako ibilbide osoa, helmugaraino.
Mathieu van der Poel (Alpecin Deceuninck) nederlandarrak irabazi du Paris-Roubaix lasterketaren 121. edizioa, Compiègne eta Roubaixeko belodromoaren arteko 259,7 kilometroko ibilbidea duena.
Van der Poelek (29 urte) Flandriako Tourra irabazi berri du hirugarrenez, eta garaipen sendoa lortu du Roubaixeko belodromoan.
Oraingoan, "Iparraldeko Infernua" paradisua izan da munduko txapeldunarentzat. Orcheseko harbide tartean jo du erasora, helmugatik 60 kilometrora, eta bakarrik egin du hortik aurrerako ibilbide osoa, helmugaraino, garaipena eskuratzeko.
Van der Poelek 5:26:01eko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko, eta orduko 47,8 kilometroko batez bestekoa egin du. 2:57 minutura helmugaratu dira jarraitzaileak: Jasper Philipsen (Alpecin Deceuninck) belgikarra izan da bigarrena helmugan, Mads Pedersen (Lidl) danimarkarra sartu da hirugarren, eta Nils Politt (UAE) alemaniarra sailkatu da laugarren postuan.
Dagoeneko, Van der Poelek 49 garaipen lortu ditu; besteak beste, Flandriako Itzulia hirutan, Paris-Roubaix birritan, eta behin San Remo, Amstel eta Strade Bianche. Urteko hirugarren klasikoa izan da gaurkoa, eta Amstel eta Lieja-Bastogne-Lieja izango ditu hurrengo jomugak.