AMSTEL GOLD RACE
Gaur jokatuko da Amstel Gold Race lasterketa, Van der Poel faborito nagusia dela
AGENTZIAK | EITB Media
Flandriako Tourrean eta Paris-Roubaixen erakustaldia eman ondoren, Mathieu van der Poel munduko txapelduna faborito argia da 58. ediziorako. Proba zuzenean ikusi ahal izango da etxe honetan, 14:00etatik aurrera.
Mathieu van der Poel faboritoa izango da gaur, igandea, Amstel Gold Race lasterketan. Maastricht eta Berg artean egingo da proba, 253,6 kilometro eta 3.290 metroko desnibelarekin. Juan Ayuso, Thomas Pidcock edo Mattias Skjelmose bertan izango dira, eta horiek ere garaipena lortzen saiatuko dira. Lasterketa zuzenean ikusi ahalko da 14:00etatik aurrera ETB4n eta eitb.eus-en, eta 15:00etatik aurrera ETB1en.
Jasper Philipsen, Milan San Remoko azken irabazlea, baja izango da, baita Jonas Vingegaard, Primoz Roglic eta Remco Evenepoel ere, Itzulian izandako erorikoaren ondorioak gainditu gabe baitaude. Lasterketan euskal txirrindulari hauek izango dira: Pello Bilbao, Omar Fraile, Ion Izagirre, Gorka Izagirre, Alex Aranburu eta Jon Barrenetxea.
Apirilaren 21ean Lieja-Bastogne-Lieja lasterketa jokatu aurretik, Van der Poelek Amstel Golden Race proba bigarrenez irabazteko aukera izango du; lortuko balu, Tadej Pogacar gaindituko luke. Azken horrek ez du aurten bertan parte hartuko.
Probaren zatirik garrantzitsuena azken 80 kilometroetan helduko da, Cauberg igaro ondoren.
Geulhemmerberg, Keerderberg eta Bemelerberg gainditutakoan, txirrindulariek sei igoera gainditu beharko dituzte hogei kilometroan: Loorberg, Gulperberg, Kruisberg, Eyserbosweg, Fromberg eta Keutenberg (gogorrena). Keutenbergetik Valkenburgera jaitsiko dira, Cauberg bigarrenez eta azken aldiz pasatzeko. Geulhemmerberg eta Bemelerberg igaro ondoren, eremu lauean sartuko dira, eta bertatik egingo dute helmugarainoko ibilbidea.