Itxi

2024ko Fleche Wallonne

Katarzyna Niewiadomak eta Stephen Williamsek irabazi dute 2024ko Fleche Wallonne klasikoa

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Canyon taldeko txirrindulari poloniarrak eta Israel-Premier Techeko ziklista galestarrak eskuratu dute garaipena Belgikako lasterketan, igandean Lieja-Bastogne-Liejan amaituko den Ardeetako Triptikoaren bigarren proban. Ane Santesteban hamargarren sailkatu da.

Niewiadoma, besoa gora, garaipena eskuratu duenean. Argazkia: EFE.

Canyon taldeko Katarzyna Niewiadoma txirrindulari poloniarrak eta Israel-Premier Techeko Stephen Williams ziklista galestarrak irabazi dute, asteazkenean, 2024ko Fleche Wallonne klasikoa. Williamsek eta Niewiadomak eskuratu dute garaipena Ardeetako Triptikoaren bigarren proban; ikuskizun handia ikusi ahal izan da, ohi bezala,  eta eguraldi oso desatsegina izan dute parte-hartzaileek, eta hori ere izan da aurtengo ekitaldietako ezaugarrietakoa, are gehiago gogortu baitu lasterketa. Ane Santesteban bikain aritu da eta hamargarren postua eskuratu du.

Katarzyna Niewiadomak amaierarako 200 metro gelditzen zirela egin du erasoa, eta garaipen ederra lortu; Ane Santesteban, hamargarren

Testuinguru horretan, emakumezkoen Fleche Wallonne klasikoan, Canyon taldeko Katarzyna Niewiadoma txirrindulari poloniarrak eskuratu du garaipena; denboraldi honetan aurreneko aldiz gailendu da, hala. Niewiadomak Huyko Harresian jo du eraso erabakigarria, helmugarako 200 metro gelditzen zirela jo baitu aurrera. Aurkariek ezin izan diote behar bezalako erantzunik eman, eta hortaz nagusitu da Canyoneko ziklista. Gizonezkoen Fleche Wallonnen ere jazo denez, eguraldi desatsegina izan da.

Probako podiuma Demi Vollering (SD Worx) eta Elisa Longo Borghini (Lidl-Trek) txirrindulariek osatu dute. Bikain ibili da, halaber, Laboral Kutxa taldeko Ane Santesteban; gipuzkoarra hamargarren postuan helmugaratu da, Niewiadomak baino 27 segundo baliatuta. Onenen parean ibili da Santesteban, eta berretsi egin du sasoi puntu oso onean dabilela.

2024ko emakumezkoen Fleche Wallonne klasikoaren sailkapena

1 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) 3:55:29

2 - VOLLERING Demi (SD Worx) + 0:02

3 - LONGO BORGHINI Elisa (Lidl-Trek) + 0:04

4 - MUZIC Evita (FDJ) + 0:07

5 - MOOLMAN Ashleigh (AG Insurance) + 0:11

6 - ROOIJAKKERS Pauliena (Fenix) + 0:15

7 - LABOUS Juliette (dsm) + 0:19

8 - VAN EMPEL Fem (Visma) + 0:24

9 - CAVALLI Marta (FDJ) + 0:27

10 - SANTESTEBAN Ane (Laboral Kutxa) d. b.

Stephen Williamsek Huyko Harresian egin du erasoa, eta euriak eta hotzak markatutako Fleche Wallonne klasikoa irabazi du

Gizonezkoen Fleche Wallonne klasikoari dagokionez, Israel-Premier Tech taldeko Stephen Williams txirrindulari galestarrak garaipen bikaina lortu du. Helmugarako 300 metro gelditzen zirela egin du eraso erabakigarria Williamsek, Huyko Harresian; indar eta ausardia handia erakutsi ditu, eta, hala, atzean utzi ditu lasterketako 88. ekitaldian aurreneko postua eskuratzeko lehian izan diren gainerako ziklistak.

Williams, Vauquelinen aurretik, helmugan. Argazkia: EFE.

Euriak eta hotzak markatu dute proba. Soilik 44 txirrindularik amaitu egin dute, eta horre kondo baino hobeto erakusten du zein gogorra izan den Ardeetako Triptikoa osatzen duten klasikoetako bigarrena. Txomin Juaristi izan da eguneko protagonistetako bat; izan ere, Markina-Xemeingo ziklista ihesaldian ibili den seikotean sartu da. Tropelak kontrolpean izan ditu sei txirrindulari horiek, baina argi gelditu da bizkaitarra sasoi onean dabilela.

Huyko Harresian, helmugako pankartarako 300 metro gelditzen zirela egin du aurrera Williamsek. Tarte hori nahiko luzea da, kontuan izanik zein puntutan egin izan dituzten eraso erabakigarriak beste txirrindulari batzuek, aurreko zenbait ekitalditan. Galestarrak sufritzeko gaitasuna izan du, eta saria jaso; Arkeako Vauquelin eta Lotto Dstnyko Van Gils helmugaratu dira jarraian. Williamsentzat 2024ko denboraldiko bigarren garaipena da, urtarrilean, Down Under Tourrean, Australian, aurrenekoa erdietsi baitzuen.

2024ko gizonezkoen Fleche Wallonne klasikoaren sailkapena

1 - WILLIAMS Stephen (Israel) 4:40:24

2 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) d. b.

3 - VAN GILS Maxim (Lotto) + 0:03

4 - COSNEFROY Benoit (Decathlon) d. b.

5 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d. b.

6 - JOHANNESSEN Tobias Halland (Uno-X) + 0:10

7 - GREGOIRE Romain (Groupama) d. b.

8 - GODON Dorian (Decathlon) d. b.

9 - BENOOT Tiesj (Visma) d. b.

10 - MARTIN Guillaume (Cofidis) d. b.

Albisteak (5)

Bideoak (1)