Itxi

Romandiako Tourra

Maikel Zijlaardek Romandiako Tourraren sarrerako etapa irabazi du, ustekabean, eta probako lehen liderra da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Tudorreko txirrindulari herbeheretarrak segundo bateko aldea lortu du Cameron Scott Bahrain-Victoriuseko australiarrarekiko, eta bi segundokoa Julian Alaphilippe Soudal Quick-Stepeko frantziarrarekiko. Alex Aranburu (Movistar) bederatzigarren tokian sailkatu da, lau segundora.

Zijlaard bikain ibili da sarrerakoan, eta garaipen ederra lortu du. Argazkia: EFE.

Tudor taldeko Maikel Zijlaard txirrindulari herbeheretarrak irabazi du, asteartean, 2024ko Romandiako Tourraren sarrerako etapa, eta, hortaz, Suitzako lasterketako 77. ekitaldiko aurreneko liderra da, gainera. Antolatzaileek sarrerako etapa honetarako prestatu duten 2,28 kilometroko ibilbidean, Zijlaardek bi minutu eta 55 segundoko denbora egin du, eta horrek garaipena eman dio; hain zuzen ere, segundo bateko aldea lortu du Cameron Scott Bahrain-Victoriouseko australiarrarekiko, eta bi segundokoa Julian Alaphilippe Soudal Quick-Stepeko frantziarrarekiko. Alex Aranburu (Movistar) ondo aritu da, eta bederatzigarren tokian sailkatu, lau segundora.

Zijlaardek, 24 urtekoa bera, profesional bezala lehenengo aldiz irabazi du. Ustekabea izan da Romandiako Tourraren sarrerakoan, kontuan izanik Tudorreko txirrindulari herbeheretar gaztea ez zegoela lehen maillot horia janzteko faboritoak ziren ziklisten artean. Bikain ibili da, baina, eta gerora lehiatu diren espezialistek ez dute bera gainditzerik izan, Brandon McNulty estatubatuarrak kasu.

Asteazkenerako, Romandiako Tourraren aurreikuspena da lehenengo etapa jokatzea; Chateau d'Oexen hasi eta Friburgon amaituko da, 165,7 kilometroko ibilbidea du, eta profil gorabeheratsua dauka.

2024ko Romandiako Tourraren lehen etapako sailkapena eta sailkapen nagusia

1 - ZIJLAARD Maikel (Tudor) 2:55

2 - SCOTT Cameron (Bahrain) + 0:01

3 - ALAPHILIPPE Julian (Soudal) + 0:02

4 - GODON Dorian (Decathlon) + 0:03

5 - OLIVEIRA Ivo (UAE) d. b.

6 - VAN DIJKE Tim (Visma) d. b.

7 - VERMEERSCH Gianni (Alpecin) d. b.

8 - ARNDT Nikias (Bahrain) d. b.

9 - ARANBURU Alex (Movistar) + 0:04

10 - AEBI Antoine (Swiss) d. b.

Albisteak (3)